Politika

EAJk "bakearen aldeko konpromiso irmoagoa" izateko eskatu dio Zapaterori

Erkorekak EAEko Estatutuarekin Espainiako Gobernuak izandako jarrera kritikatu du, "dena geldituta" dagoelako. EAk autodeterminazio eskubidea eskatu du eta NaBaik presidentearen "gelditasunak" eragozpenak sortzen dituela adierazi du. Estatuaren egoerari buruzko eztabaidaren bigarren saioa egiten ari dira gaur.

2007ko uztailaren 4a
15:29
Entzun
"Bakearen aldeko konpromiso irmoagoa" izateko eskatu dio gaur Josu Erkoreka EAJren parlamentarioak Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuaren presidenteari gaur, Kongresuan, Espainiako Estatuaren egoerari buruzko eztabaidako bigarren egunean. Hala ere, "eskertu" egin dio ETAren su-eten garaian egindakoa. "Egin dezakeena egiten duenak, egin behar duena egiten du", esan du Erkorekak, eta Gobernuaren presidenteari ezin zaiola ezer leporatu.

Dena den, EAJren parlamentarioaren ustez, "hemendik aurrera ez da nahikoa izango egin daitekeena egitea, baizik eta errealismo handiagoarekin jokatu beharko da, eta inoiz baino ezinbestekoagoa izango da bakearekin konpromiso handiagoa izatea".

Zapaterok bake prozesu garaian EAJk Gobernuari eman dion "babesa eskertzekoa" dela esan du, "jarrera eredugarria izan zuelako".

EAEko Estatutuaz ere hitz egin du Erkorekak, eta Gobernuaren aurreko presidente Jose Maria Aznar baino "kontserbadoreagoa" izatea leporatu dio Zapaterori. "Dena geldituta dago". Eskumenez EAJk Kongresuan proposamenak egin izan dituenean, PSOEk eta PPk haien kontra bat egin izan dutela kritikatu du jeltzaleak. "Zuekin gaizki joan zaigu", esan dio Zapaterori.

Honek erantzun dio "prest" dagoela Estatutuaren eskumenez hitz egiteko, baina ez duela aurreikusten Espetxe eta Gizarte Segurantza eskumenak ematerik. Aldiz, Kupoari buruz "laster akordioa" lortuko dutela uste du.

EAren eskaerak

Begoña Lasagabaster EAren parlamentarioak eskaera batzuk egin dizkio Zapaterori. Batetik, autodeterminazio eskubidea eskatu dio, eta gogoratu du azkeneko 25 urteetan Europan 24 estatu berri sortu direla eskubide hori erabilita. Bestetik, EAEko Estatutuarekiko "leialtasuna" galdegin dio, "oraindik 37 eskumen falta direlako".

Lasagabasterren ustez, Zapateroren legealdiak baditu arlo "positibo" batzuk, baina beste batzuk ez dira halakoak. "Benetako estatu demokratiko eta plurinazionala lortzeko erronkak zeuden baina ez da aurreparenik izan", esan du EAren parlamentarioak.

Honek ez du sartu nahi izan ETAren gaian, "hari publizitaterik ez egiteko".

Gobernuaren presidenteak "eskerrak" eman dizkio ETAren su-eten garaian izandako jarreragatik, eta "denek" egindako ahaleginak "alferrikakoak ez" direla izango espero duela gaineratu du. Hala ere, ez da autodeterminazio eskubideaz hitz egiten hasi. "Elkarrekin bizi gara, elkarrekin erabaki dezagun, eta, oroz gain, buruan beti izan dezagun demokrazia eta haustura ez direla bateragarriak".

EAEko Estatutuaz, Zapaterok adierazi du ez duela uste Eusko Jaurlaritzak lehentasunen artean horren garapena izan duenik; "termino politikoetan, beste helburu batzuk izan ditu".

Nafarroa Bairen kritikak

Uxue Barkos Nafarroa Bairen parlamentarioak "gelditasuna" leporatu dio Zapaterori, "ez duelako jakin izan jokabide batzuk geldiarazten". PPk Espainiako hauteskundeak galdu zituenetik izandako jokabideaz ari zen Barkos, "eta, oposizioaren parte horren gezurren artean, denak balio duela dirudi, [PSNk] Nafarroa Bairekin bat egiteak ETAri ateak irekitzea esan nahi duela diotelako, guk ETA desagertzea eskatzen dugun arren".

Zapateroren jarrera hori eragozpena izan dela uste du Barkosek. "Garaiak eskatzen zuen abiadurarekin erreforma batzuk gauzatzeko prozesua hasi behar zuen".

Jarrera aldatu eta Nafarroako Gobernuaren osaketarako NaBairekin bat egitea eskatu dio.

Zapaterok aitortu du Nafarroa Baiz "iradokizun onartezinak" egin izan direla, eta alderdi "erabat demokratikotzat" jo du. PPrekin ez beste alderdi denekin egin bezala, "eskerrak" eman dizkio NaBairi ere ETAren su-eten garaian izandako jokabideagatik.

Gobernuaren presidenteak adierazi du baduela "Nafarroan aro politiko berria" irekiko den konfiantza, eta PSNk jakingo duela hori gauzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.