Pedro Aspiazu EAJko Espainiako parlamentariak adierazi du Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko lehendakariak "baztertu" egin duela ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak jeltzaleei eta Aralarri Espainiako hautekuskundeetara elkarrekin aurkezteko egindako eskaintza. "Ez dut uste koalizio eta bloke jakin batzuk direnik formula egokiena, eta ez dut uste ezker abertzaleak EAJrekin batera ezer egin nahi duenik", azaldu zuen atzo Urkulluk, eta Aspiazuk uste du eskaintza alboratzea esan nahi duela horrek. "Arrazoituz eta zentzuz baztertu du Urkulluk".
Aspiazuren arabera, "EAJ bere bidea egiten ari da eta baliteke haiei ez gustatzea egiten ari garena, eta seguruenik ez zaie komeni Madrilen daukagun estrategia jarraitzea". EAJko diputatuak esan du Bilduk oraindik ere "erakutsi" beharra daukala Kongresuan defenditu nahi duena, baita "Euskadirako bere proiektua zein den" ere.
Hala ere, Aspiazuk aipatu du Kongresuan hainbat gaitan "Bilduk" eta EAJk gauza bera bozka dezaketela.
Atzo aurkeztu zuten prposamena ezker abertzaleak, EAk eta Alternatibak, ez Bilduk. Ardatzak: normalizazio politikoa —bakerako eta konponbide demokratikorako prozesua—, eskubide nazionalak, subjektu nazionalaren defentsa, ikuspegi soziala eta Europa demokratiko eta soziala.