EBBko presidente Andoni Ortuzarrek eta IBBko presidente Txaro Goikoleak egin dute Baionan Frantzian hilaren 23an eta 30ean egingo diren udal bozetarako hautagaien aurkezpen ekitaldia. Hamasei herritan aurkeztuko dituen 24 hautagaiak aurkeztu dituzte bertan. Ortuzarrek Ipar Euskal Herriarentzat instituzio propioa eskatu du: "Parisek ahots bakar baten bidez entzun behar ditu Iparraldeko euskaldunak". Goikoleak, berriz, alderdiaren inguruan elkartu nahi du jendea, eta EAJk "Euskal Herria interes eta ekin eremu bakar" duela adierazi du, "euskaldunen identitate ikurrak berreskuratzea, indartze ekonomikoa eta sentimentu kolektiboa defendatzea bilatzen duena".
Horrez gain, Jean Telletxea Europako hauteskundeetarako EAJren hautagaiak ere hitz egin du, bozetarako "gogotsu eta konprometituta" dagoela esanez. "Giza ekintzaren eremu guztiei eragiten die EAJren konpromisoak: konpromiso ekonomikoa da, soziala, txeratsua, kulturala". Azken horretan jarri du indarra: "Nola ez da ba kulturala ere izango? Guztiok gara kultura beraren seme-alaba, lur berarenak, hizkuntza berarenak; euskararenak, euskaldun bihurtzen gaituenarenak, zeru berberaren pean babesten gaituena".
Jeltzaleek nabarmendu nahi izan dute EAJ dela Europako hauteskundeetan mugaren bi aldeetan hautagaiak dituen euskal alderdi bakarra. "Gaur, inoiz baino gehiago, posible da lokala eta globala uztartzea". Eta zentzu horretan, uste dute ez dela "kasualitatea" jeltzaleak izatea Ipar zein Hego Euskal Herrian hautagaiak aurkeztu dituena. "Hala egin genuen 2009an eta berriro egingo dugu 2014an".