Josu Jon Imazek lehenengo prentsaurrekoa eskaini du gaur alderdi jeltzaleko buru izendatu zutenetik, Josune Ariztondo EBBko kidea alboan zuela. Hasteko, Gonzalo Quiroga senatari popularrari elkartasuna erakutsi dio jasan duen erasoagatik. Ondoren, igandean, EBBko buru berria hautatu zutenean esandakoak xehetu ditu. "Pluraltasuna onartzea ezinbestekoa izango da EAJrekin akordioak lortzeko" adierazi du. "Euskal gizartearen aniztasuna defendatuko dugu, ponentzian jasota dagoen bezala. Guretzat balore demokratiko bat delako" gaineratu du.
Imazek Otegik atzo esandakoei ere erantzun die, "alderdi interesak herriaren interesen aurretik aurretik jartzen dituena ETA da" esanez. Horrez gain, ETAri armak uzteko eskatzen ez badio, "ETAk amildegira eramango du ezker abertzalea bera".
PSE-EEri zuzenduta, berriz, zera nabarmendu du Imazek, EAJk "denekin biltzeko borondatea" duela, "orri txuria bai, baina proposamen propioa ere eramanez".Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusiak atzo adierazi zuen EAJrekin "elkarrizketa serioa izateko" prest zeudela, baldin eta "orri txuritik" abiatzen bazen.
EArekin izan beharreko harremanei buruz, bere intentzioa ez dela " inor iraindu edo irenstea" esan du, "gizartearen zati baten ilusioari erantzutea baizik".
Politika
EAJk beste alderdiekin akordioak lortzeko "borondatea" duela adierazi du Imazek
Josu Jon Imazek EBBko buru bezala egin duen lehen agerraldian, EAJk beste alderdiekin akordioak izateko, bi oinarri hartuko dituela aintzat azaldu du, "indarkeria baztertzea eta euskal gizartearen aniztasuna onartzea", eta printzipio horiek defenditzen ez dituztenekin "harreman iraunkorrak" izateko ez dagoela prest esan du. Bestetik, Arnaldo Otegik atzo egindako adierazpenei erantzun die. Batasuneko kideak "ETAk eskainitako eskuari listua bota dio EAJk" esan zuen, eta Imazen arabera, Otegik esandakoa, "Batasunak ETArekiko duen ezintasuna estaltzeko aitzakia besterik ez da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu