EAJ indartsuagoa irudikatu du Eusko Jaurlaritzaren azken inkestak. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskunde autonomikoak gaur egingo balira, egun dituenak baino bi eserleku gehiego lortuko lituzke, inkestaren arabera. 30 parlamentari izango lituzke alderdi jeltzaleak Eusko Legebiltzarrean. EH Bilduk bigarren indarra izaten jarraituko luke egun legebiltzarrean duen indar berarekin: 18 ordezkari. Elkarrekin Podemosek, berriz, ordezkari bat galduko luke eta hamar parlamentari lortuko lituzke. Legebiltzarkide kopuru berarekin jarraituko luke PSE-EEk; bederatzirekin. PPk azken urteetako beheranzko joera gelditu ezinik segiko luke, eta bi eserleku galduko lituzke. Zazpirekin geldituko litzateke, beraz. Inkestak Ciudadanos legebiltzarrean sartuko litzatekeela dio. Ordezkari bat lortuko luke.
Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen alorreko ikerketa joan den maiatzaren 15ean egin zen. 2.313 pertsonei galdetu zieten beren boto asmoari buruz.
Emaitzak lurraldeka
EAJk Bizkaian lortuko luke hazkunderako legebiltzarkideetako bat. 12 lortuko lituzke guztira (botoen %42,7). EH Bilduk bost eskuratuko lituzke (%19,4); hiru Elkarrekin Posemosek (%12,6), 2016an baino bat gutxiago; beste hiru PSE-EEk (%11,3), eta bi PPk (%2,6).
Araban, Ciudadanosek lortuko lukeen ordezkaria da berrikuntzarik nabarmenena. Botoen %3,9arekin eskuratuko luke legebiltzarkidea. Bozkatuena, EAJ litzateke Araban ere (%29,9) eta zortzi parlamentari lituzke. Bost izango lirateke EH Bildurentzat (%20,1); lau lau eskuratuko lituzke PPk, egun dituenetatik bat galduta (%16,6); beste lau lituzke Elkarrekin Podemosek (%14,6), eta hiru ordezkari eskuratuko lituzke PSE-EEk (%11,9). Ciudadanosek ez luke ordezkaria lortzeko adina boto eskuratuko (%2,6).
Gipuzkoan, beste ordezkari bat irabaziko luke EAJk. Hamar lortuko lituzke, orotara (botoen %36,9arekin). EH Bilduk zortzi lortuko lituzke (%28,6); hiruna Elkarrekin Podemosek (%12,3) eta PSE-EEk (%11,7), eta PPk, bat galduta, ordezkari bakarrari eutsiko lioke (%6,4). Legebiltzarkiderik gabe geldituko litzateke Ciudadanos (%2).