politika

EAJk bihar ekingo die "erakundeetan egonkortasuna" lortzeko bilerei, PSE, EB eta Alkarbiderekin

Bilbon egingo dituzte hiru batzarrak, Sabin Etxean. Jeltzaleek diote krisi ekonomiko garaian ongizateari eutsi beharra dagoela.

2009ko uztailaren 22a
17:59
Entzun
Krisi ekonomikoaren garai hauetan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erakundeetan "erakunde publikoetan egonkortasuna lortzeko eta ongizateari eusteko" asmoz egina duen proposamenaz hitz egiteko EAJk bihar hasiko ditu bilerak. PSE-EErekin, EB eta Alkarbiderekin batzartuko da bihar; sozialistekin aurrenik. Bilbon egingo dituzte hiru bilerok, Sabin Etxea EAJren egoitzan. Uztailaren hasieran egin zuen proposamena alderdi jeltzaleak.

PSE-EErekin egingo duten batzarrera -hamabietan hasiko da-, EAJtik Belen Greaves, Aitor Alzola eta Jose Mari Zalbidegoitia Euzkadi Buru Batzarreko kideak joango dira. PSE-EEtik, Jose Antonio Pastor, Mikel Torres eta Blanca Roncal zuzendaritzakideak.

Arratsaldeko lauetatik aurrera batzartuko dira Alkarbiderekin. Jeltzaleen ordezkari berak joango dira, eta beste parteak Martin Beramendi izango du buru. EBrekin, seietan. Astelehenean PPrekin eta Aralarrekin elkartuko da, eta EAJk dio EAk eta UPDk ez diotela batzar eskaerari erantzun. Jeltzaleek Batasunari edo EAE-ANVri ez diete bilera deirik egin.

EAJk, batik bat, PSE-EEri zuzendu dio proposamena. Honek Eusko Jaurlaritzara begira PPrekin akordioa egina dauka, eta PSE-EE dago gobernuan. EAEko hiru foru aldundietan EAJko kidea da ahaldun nagusia.

Eskumenen eta aurrekontuaren alorretan egonkortasun instituzionala lortzea da EAJren xedea, berak esan duenez, horrek euskal gizartean konfiantza sortuko duelakoan. EAJk zehaztu du elkarrizketa horietan parte hartzeko prest dauden alderdiekin jorratuko dituzten gaien artean egongo direla alderdien akordiorako borondatea, helburuen zehaztapena eta ekimenen planifikazioa. Era berean, Eusko Legebiltzarrean, batzar nagusietan zein udaletan sakondu beharreko agirien zehaztapena egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.