EAJ Bizkaiko batzarkide taldeak Txema Oleaga Bilboko Metroko presidenteari eta Iñaki Prego kontseilukideari Batzar Nagusietan exijituko die “hiritargoari hainbeste eragozpen eragin dizkion lan gatazka konpontzeko soluzio errealak" aurkez ditzatela, "bizkaitarrak nazkatuta daudelako".
EAJren ustez, Metroko zuzendaritzak eta enpresa batzordeak konponbidera iristeko gaitasunik ez daukatela erakutsi dute. “Egoera jasanezina da, eta haserrea guztiz justifikatuta dago. Metroa egunero erabili ohi dutenen pazientzia agortu dute. Garraio hau egunero lanera, ikastetxera edo aisialdi tokietara joateko erabiltzen duten pertsonak nazkatuta daude".
Metroko langile batzordeak deituta, euren lan baldintzen alde astelehenean bi orduko lanuztea egin zuten beharginek, eta hilaren 20rako, 25erako eta 27rako deitu dituzte hurrengoak. Gainera, herenegun zioten prest daudela protestak gogortzeko.
Bilboko Metroko zuzendaritzak astelehenean ohartarazi zuen ez duela langileen aldarrikapen gehiagorik onartuko.