Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJk datorren asterako espero ditu beste lau alderdien erantzunak

Atzo eta gaur EH Bildu, PSE, PP eta UPDrekin batzartu da. Urkullu lehendakarigaiak ez du argitu norekin dauden gertuen. Krisia, bakegintza eta normalizazio politikoa, eta autogobernua handitzea dira jeltzaleen ardatzak. EAJrekin bat egiteko prest azaldu da PP, "ez bada identitate gaietan nahasten". UPDk esan du "oso urrun" dagoela EAJren asmoetatik.

2012ko urriaren 31
18:17
Entzun

EAJk atzo EH Bildu eta PSE-EE eta gaur PP eta UPD hartu ondoren, laurei bere proposamenen txosten bana helarazi die, eta Iñigo Urkullu jeltzaleen lehendakarigaiak adierazi du datorren asterako espero dituztela haien erantzunak —ez dute bilerarik zehazturik—. Orduan ikus dezake EAJk baten batekin Jaurlaritzarako gobernu akordiorik egiteko aukerarik duen, edo legealdian unean uneko akordioak bilatu beharko dituen haiekin.

Urkulluk berak, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko lehen bilera sailaz gaur arratsaldean Sabin Etxean egindako balorazioan, ez du argitu zeinekin dagoen gertuen EAJ. Krisiaren, bakegintza eta normalizazio politikoaren, eta EAEko autogobernua handitzearen inguruan "akordio zabal eta iraunkorrak" nahi ditu EAJk. Haren iturriek aste honetan jakinarazi dute Jaurlaritzako lehendakaria aukeratzeko prozesua Gabonen aurretik egin nahi dutela.

EH Bilduk eta PSEk atzo berretsi zuten ez dutela Urkullu lehendakari izendatzeko eragozpenik jarriko, EAJ izan zelako bozetako "irabazle garbia".

Urriaren 21eko bozetan 27 legebiltzarkide lortu zituen EAJk, 21 EH Bilduk, 16 PSEk, 10 PP eta 1 UPDk.

EAJrekin bat egiteko prest da PP, baina baldintzak jarri ditu

Antonio Basagoiti EAEko PPko buruak esan du EAJrekin bat egiteko prest daudela, honek betiere "ahalegin guztiak" krisiaren aterabidean egiten baditu eta ez bada "identitate gaietan nahasten". "Ekonomiaren mesedetan bat egiteko unea da, lana sortzeko, Euskadik aurrean dituen erronkei aurre egin ahal izateko". Bat egiteko borondatea aldundietan ere badutela nabarmendu du Basagoitik.

Basagotirekin batera, Iñaki Oiarzabal idazkari nagusia eta Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko jarduneko lehendakaria joan dira bilerara, eta EAJren aldetik, Pilar Garcia de Salazar, Koldo Mediavilla, Joseba Egibar eta Iñigo Urkullu. Ordubete inguruko bilera egin dute.

PPk EH Bilduko ordezkariak ez baleude bezala jokatzeko eskatu die beste indar politikoei, igandeko atxiloketak ez dituztelako txalotu.

UPDk dio "oso urrun" dagoela EAJren asmoetatik 

EAJren ordezkaritza ondoren UPDrekin bildu da, hiru ordu laurdenez. UPDtik Gorka Maneiro, Nicolas Gutierrez eta Nicolas de Miguel azaldu dira. EAJtik, lehengo berek hartu dute parte. UPDk agiri bat eman die jeltzaleei; krisia dela-eta baliabideak aurrezteko eta egituraketa instituzionalean aldaketak egiteko proposatu die, ETA "garaitzeko" plan baten beharra dagoela esan die, eta "Euskadik Espainia barruan" behar duela. Maneirok agertu du "oso urrun" daudela bi alderdien asmoak.

Batzar horrekin amaitu du hauteskundeen osteko lehen bilera saila EAJk. Atzo EH Bilduk eta PSE-EEk EAJrekin akordioak egiteko aukera badagoela esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.