EAJk dio Alderdien Legea gogortzea ez dela egokia egungo abagunean

Espainiako Gobernuaren eta ezker abertzalearen artean bitartekari lanak egiteko prest dago EAJ, Ortuzarrek dioenez

edurne begiristain
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Andoni Ortuzar EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ez du egoki ikusten Alderdien Legea gogortzeko PSOEk eta PPk landu duten proposamena, «are gutxiago egungo abagune politikoan». Ortuzarrek jakinarazi duenez, lege aldaketa joera politiko jakin baten aurka «espresuki» egindakoa da, eta denbora tarte laburrenean onartu nahi da. «Halako neurriak ez dira ohikoak sistema demokratikoan», haren irudiko. EAJko buruaren ustez, ez da erabaki egokia ezker abertzalearen aurkako neurriak gogortzea,mundu hori «norabide onean» ari delako urratsak egiten. Pauso horiek, baina, ez direla oraindik nahikoak iritzi dio: «Normalizazio politikorako eta gatazka politikoaren konponbiderako aukerak zabaltzen ari dira, baina, zoritxarrez, ETAren jarrera argiagoa eta tinkoagoa falta da».

Radio Euskadi Irratian egin ditu adierazpen horiek EAJko ordezkariak. ETArengandik eta ezker abertzalearengandik «urrats sendoagoak» espero dituen arren, Ortuzar baikorra da bake aukeraren inguruan. «Botila erdi betea» ikusten du alde politikoan, baina «erdi hutsik» ETAren aldean. Haatik, EAJk «ausardiaz»helduko dio zabaldu den aukerari, eta bakegintzarekin engaiatuko da, haren esanetan.

Horren haritik, Ortuzarrek jakinarazi du Espainiako aurrekontuen negoziaketetan bakegintzaren gaia mahai gainean izan zutela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak. Haren esanetan, negoziazio horietan Zapaterok onartu zuen legealdia bete arte dagoen denbora bakea lortzeko baliatu behar dela, eta EAJ prest agertu zen bide horretan laguntzeko eta gobernuaren eta ezker abertzalearen artean «bitartekari» lanak egiteko. Ortuzarrek adierazi duenez, EAJ da ezker abertzalearekin eta Espainiako Gobernuarekin mintzaidetza izan dezakeen bakarra, eta, horregatik, bera da bakegintza eta normalizazio politikoanlagundu dezakeena.

Haren ustez, Zapaterok «erantzukizunez» jokatu beharko lukeeta bakegintzan aurrerapausoak eman beharko lituzke legealdia amaitu baino lehen. «Zapaterori legealdia amaitu arte, urtebetebaino gehiago eman diogu, eta denbora hori Espainia gobernatzeko ez ezik, baldintzak egonez gero, Euskadira bakea ekartzeko ere aprobetxatu beharko luke».

Legearen tramitazioa

Alderdien Legeari dagokionez, ezker abertzaleari hauteskundeetan parte hartzeko aukera gehiago zaildu aldera, PSOEk eta PPkHauteskunde Legea aldatzeko aurkeztutako lege proposamenaren tramitazioak ez du urgentziazko bidea jarraituko Kongresuan. ERCk, IUk, ICVk eta EAJk lege proposamena premiaz tramitatzearen aurkako botoa eman zuten, atzo. Beraz, legearen erreformak ohiko bidea jarraituko du Kongresuan. Halere, litekeena da datorren urteko maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako indarrean sartzea, PSOEk eta PPk ez dituztelako epeak agortuko lege proposamena tramitazioa azkartu aldera. ERCko eledun Joan Ridaok esan duenez, aurrera atera nahi den legearekin muturreraino eraman nahi da «demokratikoki zalantzazkoa» dena.



Rubalcaba: «Zaila izango da batasunari eustea, ETAren amaiera gerturatu ahala»

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak aitortu du «ETAren amaiera gerturatu ahala are eta garrantzitsuagoa eta aldi berean zailagoa» izango dela «alderdi demokratikoen arteko batasunari eustea terrorismoaren aurkako borrokan». Alderdien batasunari eustea lan «nekeza» dela esan du Rubalcabak, eta, horregatik, batasun hori «arriskuan» ez jartzeko eskatu du. UPNko senatari Maria Caballerok ezker abertzaleak egindako urratsen inguruan egindako galdera bati erantzunez esan ditu hitzok Barne ministroak. Rubalcabaren esanetan, «nahasmen momentuetan» hobe da ezer ez esatea: «Estrategiak ez dira kontatu behar, aplikatu egin behar dira». Espainiako Gobernuak ez du aldatu ETAren aurka daraman politika, eta aldatzeko erabakirik hartuko balu alderdiei jakinaraziko diela esan du Rubalcabak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.