Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Josu Erkoreka Espainiako Kongresuko EAJko bozeramailea hartu du gaur Moncloan, besteak beste "terrorismoaz" hitz egiteko, eta Erkorekak bileraren ondoren adierazi du bere alderdiak ez duela izango Gobernuak eta PPk arlo horretaz lehengo asteazkenean lortu zuten akordioa sinatzeko, hitzarmena "orokorra" delako.
"ETAren bukaera heltzen den unean, akordio horren arabera posible izango da bukaera elkarrizketatua izatea", adierazi du Erkorekak, Moncloan, eta hori beharrezkoa dela iruditzen zaio, "bukaera eraginkorra izateko".
Publikoki behintzat, bi lege aldaketa hitzartu zituzten Zapaterok eta Mariano Raxoi PPko presidenteak. Lehena, euskal presoen ondasunei buruzkoa. "Euskal presoen erantzukizun zibila erabat bete dadin", gaurko ondasunak eta bihar izan ditzaketen guztiak behatzea proposatuko dute. Beste aldaketa: bigarren mailako zigorrak gogortu egin nahi dituzte, eta zigorrak betetakoan espetxetik ateratzen direnen aurrean "segurtatze" neurriak ezarriko dituzte.
Horretaz gain, "pertsonalki eta taldeka terrorismoa goratzen duten" armarri, ikur edo kale izenak kentzeko beharrezko neurriak hartzeko beharra eskatuko diete administrazio guztiei.
Erkorekak adierazi du Zapaterok eta PPk akordio horretan ez dituztela nahastuko ETAren indarkeria eta euskal abertzaletasuna.
Indarkeriaren arloan, lege aldaketa horiek hitzartzeaz gain, bost oinarri ezarri zituzten Gobernuak eta PPk: estrategia partekatua eta "alderdi demokraten arteko batasuna"; biktimei babesa; zuzenbide estatuarekiko eta segurtasun indarrekiko "konfiantza"; "indarkeriak inoiz helburu politikorik lortuko ez duelako" ETAren patua indarkeria uztea baino ez dela dioen adierazpen politikoa; nazioarteko elkarlana.
Erkorekak, bide batez, Eusko Legebiltzarrak onartutako herri galdeketaren legea ez eteteko eskatu dio Zapaterori. "Gobernuak du eteteko pribilegioa, eta hori ez erabiltzeko eskatu diot".
Ekonomiaren arloan, egoera "delikatua" dela esan du EAJko kideak, eta "gutxieneko akordioaren" garrantziaz mintzatu zaiola gobernuburuari.
Nafarroa Bairekin arratsaldean
Kongresuko taldeetako ordezkariak hartzen hasi da gaur Espainiako gobernuburua -Raxoirekin batzartu zen lehengo astean-, eta justizia eta ekonomia ere izango dituzte hizpide. Uxue Barkos Nafarroa Baiko parlamentarioa 19:20ean hartuko du. Gaur Moncloatik pasatu edo pasatuko dira, halaber, CiUko, IU eta ICVko, CCko, BNGko eta UPyDko ordezkariak. ERCkoa etzi joango da, agenda arazoengatik.
NaBaiko diputatuak goizean esan duenez, Madrilgo gobernuak "lidergorik" ez du erakutsi krisi ekonomikoa "argi zehaztean". "Horrek sinesgarritasun gabezia pixka bat sortu du herritarrengan". Dioenez, geldialdi ekonomikoa erabili dute Espainiako bi alderdi nagusiek tirabira moduan -PSOEk eta PPk-, nork bere etekina atera nahian. Horri "onartezin" iritzi dio Barkosek, "familia guztiei eta ekonomiari, oro har, eragiten diolako".
Justizia arloan, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia (CGPJ) eta Espainiako Auzitegi Konstituzionala irailean berritzeko akordioa ere lortu zuten Zapaterok eta Raxoik.
Politika
EAJk dio arazorik ez duela Espainiako Gobernuak eta PPk "terrorismoaz" lortutako akordioa sinatzeko
Josu Erkorekaren arabera, hitzarmena "orokorra" da eta ETAren bukaera elkarrizketatua izatea ahalbidetu dezake. Espainiako Gobernuko presidentea Kongresuko taldeekin biltzen hasi da gaur Moncloan, "terrorismoaz", justiziaz eta ekonomiaz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu