EAJren arabera, "ETA ez da euskal indar politikoei iradokizunik egiteko inor", eta "bere jarduera amaitzeko alde bakarrean hartutako konpromisoa azkeneraino betetzeko" eskatu dio, "desarmea eta disoluzioa barne".
"Jardun politikoa gizartea ordezkatzen duten erakundeei dagokie esklusiboki; hau da, alderdi politikoei", esan du EAJk gaur, prentsa ohar batean, ETAk Espainiako eta Frantziako gobernuei "gatazkari behin betiko konponbidea" emateko asmoz "elkarrizketa zuzenak" abiatzeko eskaera egin diela jakin ondotik.
EAJk azaldu du bera "zuhurtasunez eta arduraz" ariko dela aurrerantzean ere, "Euskadin behin betiko bake iraunkorra lortze aldera".
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak adierazi du bistan dela ETAk konponbidea elkarrizketaren bidez erdiesteko borondatea daukala.
Aralarrek esan ETAren agiria beste urrats bat dela eta egiaztatzearen beharra agerian uzten duela.