Hondakinen kudeaketari buruz Europako Parlamentuak egin duen ebazpenak zein ondorio dituen, ez dira ados jarri alderdi politikoak. EAJren, PSE-EEren eta PPren iritzian, erraustea babestu egin du parlamentuak, birziklatu ezin diren gaiak erretzeari ez diolako atea itxi. Bilduren eta Aralarren irudiko, berriz, Gipuzkoan errauste planta bat jartzea ez letorke bat Europak mahai gainean jarri duenarekin. San Marko mankomunitateko presidente Ainhoa Intxaurrandietak esan du «hamarraldi bat baino lehen» errausteari ezezkoa emango diola Europak, eta salatu du EAJk, PSEk eta PPk «temati» segitzen dutela Zubietan planta bat jarri nahian. Ebazpena Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman du Aralarrek.
Zabortegiak ixteko eta birzikla daitekeena erraustea galarazteko eskatu zuen herenegun Europako Parlamentuak. EAJko, PSEko eta PPko parlamentariek horren aldeko botoa eman zuten; herenegun bertan, Gipuzkoan, Zubietako planta egitearen alde bozkatu zuten hiru alderdietako kideek. Kontraesanik ez dago bi botoen artean, haien arabera. EAJko eledun Xabier Ezeizabarrenak nabarmendu du zabortegiak ixteko eskatu duela Europak; haren iritzian, hori lortzeko ezinbestekoa da birziklatu ezin dena erraustea.
PSEren esanetan, Gipuzkoako Diputazioaren asmoak jarri ditu ezbaian Europako Parlamentuaren ebazpenak: «Hondakinak tratatzeko plantak egin ezean, behartuta egongo da zabortegi gehiago irekitzera edo egungoak zabaltzera». Bilduri egotzi dio legebiltzarraren ebazpena «manipulatu» izana. Hori bera salatu du PPk. «Herritarrak engainatzen saiatu dira, sinetsaraziz erraustea galarazi duela Europak», esan du Arturo Aldekoak. Nabarmendu du birzikla daitekeena ez errausteko eskatu duela. «Zati bat da hori».
Erraustearen kontrako hautua berretsi du Bilduk; «iraganeko apustutzat» jo du hondakinak erretzea. Europak egindako eskariei jarraituz, ahalik eta gehien birziklatzeko erabakiak hartzen segituko duela iragarri du; atez ateko sistema herri gehiagotan onartzen ari direla gogorarazi du.
Aralarrek ere uste du errausteari erabateko ezezkoa emango diola aurki Europako Batasunak. Zubietan planta jartzearen aurka egin du beste behin ere «hipoteka» delakoan eta hondakinei irtenbiderik ez dielakoan emango.
EAJk dio Europak ez duela errauste planta baztertu
Bilduren eta Aralarren iritzian, errauste planta ezbaian dago Europako Parlamentuak egindako ebazpenaren ondoren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu