EAJk ekonomia, autogobernua eta baketzea ditu kanpainarako ardatz

Hauteskundeetarako programaren berri astelehenean emango du EAJk, baina gako nagusiak aurreratu ditu

Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Dagoeneko hauteskunde kanpainan murgildu da EAJ. Espainiako Kongresuan dituen ordezkariak hasiak dira herriz herri ekimenak egiten, eta atzo, «Bizkaiko gizartearentzat» ekitaldi irekia egin zuen. «2011-2015 Josu Erkoreka egitasmoaren aurkezpen» gisa aurkeztu zuen, Bilbon, Zabalguneko merkatua zeneko eraikinean, egindako ekitaldia. Josu Erkoreka diputatu eta zerrendaburu denak han bertan iragarri zuenez, astelehenean emango du EAJk hauteskundeetarako prestatu duen programaren berri zehatza. Hala ere, kanpainan erabiliko dituen mezuei buruzko gako nagusien nondik norakoak atzo azaldu zituen.

Erkorekak adierazi zuenez, ekonomia izango da EAJren lehentasun nagusia Espainiako Gorteetan. «Premiazkoena» garapen ekonomikoa eta lanpostuen sorrera dela azaldu zuen, eta, beraz, EAJk horri begira bideratuko dituela indar nagusiak.

«Zentralismo berriaren aurrean, Euskadiren interesen defentsa» egitea izango du bigarren jomuga. Erkorekaren hitzetan, ekonomia krisia aitzakiatzat hartuta, PP eta PSOE Espainiaren antolaketa eredu zentralistara itzultzen saiatzen ari dira. «Izan ere, Espainia bakar eta uniformearen aldeko eredua partekatzen dute bi alderdiek».

«Gure eredua askoz gertuago dago errealitatetik», esan zuen hautagaiak. «Nazio anitzeko errealitatea defendatzen dugu, eznazio bakarra». Azken legealdian autogobernuan eskuratutako lorpenak goratu, eta bide horri eustea defendatu zuen.

Hirugarren lan eremutzat ongizatea eta politika publikoak hartu dituzte ordezkari jeltzaleek. «Egingarri da ongizate estatua eta hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuetako oinarrizko zerbitzuak mantentzea». Horretarako, «EAJren ereduari» segitzea proposatu zuen; aurrekontu orekatuak gauzatzea eta zorpetzea ondo neurtzea.

«Euskadiko baketzea eta normalizazioa» izena eman dio laugarren atalari EAJk. «Bakea itzul ezina bihur dadin» gero eta baldintza gehiago daudela adierazi zuen Erkorekak, baina horretarako lanean jarraitu behar dela. «Guk bakearen alde arriskatzeko apustua egiten dugu; ez gara bakea noiz helduko zain geratuko». Hortaz, «orain arte moduan» jarraituko dutela adierazi zuen, «zuhurtasun eta ekimenez, eskuzabaltasunez eta helburu gorenera begiratuta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.