Ostegun honetan hasiko da Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta EAJko kidearen aurkako epaiketa, Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusian, eta gaur Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteak esan du bere alderdiak ez duela auzia salatzeko eta Ibarretxeren aldeko mobilizaziorik deituko. Jendea auzitegira "naturaltasunez" azalduko dela agertu du Egibarrek.
Iaz Ibarretxe auzitegira deklaratzera joan zenean, EAJk -eta EAk eta EBk; hirurek osatzen dute Jaurlaritza-, elkarretaratzea eta manifestazioa antolatu zituen.
Egibarren ustez, auzi hori "gehiegikeria" da, eta "lehenbailehen" bukatzea nahi dute -epaiketak hiru aste iraungo du-.
Ibarretxez gain, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia eta Rodolfo Ares Antolaketa idazkaria, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia Batasuneko kideak ere epaituko dituzte. Ermuko Foroak urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra eskatzen du Batasuneko ordezkarientzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa Ibarretxerentzat, eta bederatzi hilabete eta urtebete artekoa Lopezentzat eta Aresentzat. Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izango dira epaileak.
Ibarretxe, Otegi, Barrena eta Petrikorena, 2006ko apirilaren 19an Ajuria-Enean euren artean batzarra egiteagatik auzipetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiko Roberto Saiz epaile instruktoreak, azken hirurak Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko kideak direlako, eta Lopez, Ares, Otegi, Etxeberria eta Dañobeitia, urte bereko uztailaren 6an Donostian biltzeagatik, azken hirurak Batasunekoak direlako. Batasunekoei desobedentzia delitua egitea egotzi die, eta besteei delitu hori egiteko beharrezko kolaboratzaile izatea. Jendaurrekoak izan ziren bilera haiek, ETA su-etena eman eta gero.
Politika
EAJk epaiketa garaian ez du Ibarretxeren aldeko mobilizaziorik egingo
Ostegunean hasiko da epaiketa, Bilbon, eta jendea EAEko Auzitegi Nagusira "naturaltasunez" azalduko dela adierazi du Egibarrek. Lopez eta Ares PSE-EEko kideak, eta Otegi, Barrena, Etxeberria, Petrikorena eta Dañobeitia Batasunekoak ere epaituko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu