"Lehentasuna bake eszenatoki bat finkatzea" dela erantzun dio EAJk azaroaren 20ko hauteskundeetara elkarrekin aurkezteko EAk, ezker abertzaleak eta Alternatibak egindako proposamenari. "Espero dugu proposatutako aliantza ez izatea bake prozesuan zehar ematen ari diren gabeziak estaltzeko ihesbide soil bat", gehitu dute jeltzaleek.
Bileraren ostean GBBeko presidente Joseba Egibarrek esan du gaur egun "lehentasuna bake eszenatoki bat finkatzea" dela; bere esanetan, horretarako ez da nahikoa ETAren indarkeria desagertzea, "urtetan zehar indarkeria existitzea ahalbidetu duten indarkeriazko jarrera eta adierazpen guztiak" ere desagertu behar direla uste baitu GBBko presidenteak.
Sorturen legeztatzea ere lehentasunezko gaien artean kokatu du Egibarrek. Bileraren ondorengo balorazioan jeltzaleak esan du hiru alderdien proposamena ez dela "benetakoa, zintzoa" izan, "gaurko bilera egitea eta modu horretan euskaldun askoren desio den hauteskunde aliantza bati EAJk ezezkoa ematea, horixe zen proposamenaren benetako helburua" gaineratu du Egibarrek.
Bestalde, Egibarrek esan du EAJk "borondate osoa" izango duela elkarrekin ekimenak garatzeko Espainiako Kongresua bezalako erakunde batean, horretarako adostasunak ematen badira.
Bileran EA, ezker abertzalea eta Alternatibaren izenan honakoak egon dira: Jone Goirizelaia, Pello Urizar, Rufi Etxeberria, Oskar Matute, Amaia Agirresarobe eta Mariano Alava. EAJren ordezkaritza hauek osatzen zuten: EBBko presidente Iñigo Urkullu, eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako presidenteak, Andoni Ortuzar (Bizkaia), Iñaki Gerenabarrena (Araba), Joseba Egibar (Gipuzkoa) eta Jose Angel Agirrebengoa (Nafarroa).
EAJren erantzunak "izugarrizko desilusioa" eragin duela dio Goirizelaiak
EA, ezker abertzalea eta Alternatibaren izenean Jone Goirizelaiak eman ditu bileraren inguruko argipenak; "EAJri azaldu diogu zergatik den gure ustez garrantzitsua momentu politiko honetan gure eskubide indibidual eta kolektiboen alde eta autodeterminazio eskubidearen alde Madrilera herri gisa joatea".
EAJk emandako erantzuna "izugarrizko desilusioa" dela jakinarazi du Goirizelaiak, "momentu historiko honek beste erantzun bat merezi zuen". Etsipena ez dela Bildu koalizioko kideena soilik izango esan du, bestelako erantzun bat espero zuen Euskal Herriko sektore zabal batena baizik.