Polizia operazioa

EAJk Espainiako Konstituzioa inpugnatu eta ez onartzeko unea irits daitekeela adierazi du Arzalluzek

Goizeko hamarretarako minutu batzuk falta zirela iritsi da Madrilen Espainiako Auzitegi Nazionalaren egoitzara Xabier Arzalluz EAJko lehendakari izana, eta ordubete inguruz Grande Marlaskaren aurrean deklaratu ondoren, hamabiak aurretik atera da. EAJko buru ohiak bere alderdia kriminalizatzen saiatzen ari direla salatu du eta ziurtatu du EAJk Espainiako Konstituzioa inpugnatu eta berau ez onartzeko unea irits daitekeela. ETAren =i iraultza zergaren=i aurkako polizia operazioaren harira deitu du epaileak, lekuko gisa. Deklaratzera sartu aurretik =l Herri Irratia==http://www.herri-irratia.com/=l-n esan duenez, =i iraultza zerga=i ez ordaintzeko eskatzen zien EAJk bere militanteei, eta ordainduz gero kanporatuz zigor zitzateketela ohartarazten zieten.

2006ko ekainaren 27a
18:03
Entzun
Arzalluzek azaldu du fiskala eta epailea "guztiz fin" portatu direla berarekin. Hala ere, kexatu egin da kasu asko daudelako zabalik EAJko buruzagien aurka. EAJkoaren hitzetan "terrorismoaren aurkako legea ez da ETAren aurkakoa, nazionalismoaren aurkakoa baizik". Arzalluzen ustez, "Bushen jarrerarekin" kutsatzen ari dira epaitegiak: "Terrorismo hitza aurretik jarrita guztiak balio du".

Deklaratu aurretik Herri Irratian esan duenez, ETAren gutunekin EAJra jotzen zutenei ez ordaintzeko aholkatzen zieten; areago, iraultza zergaren eskaera egiten ziotena alderdiko kidea bazen, kanporatzearekin zigor zezaketela ohartarazten ziotela esan du Arzalluzek.

Josu Jon Imaz EAJko egungo presidentea, Josu Erkoreka jeltzaleen Espainiako Kongresuko bozeramailea, eta Emilio Olabarria, Margarita Uria eta Jose Ramon Beloki diputatuak lagun zituela iritsi da Arzalluz Auzitegi Nazionalera. Ikusmin handia sortu du han bildutako kazetari ugarien artean. Lekuko gisa deklaratu du Grande Marlaskaren aurrean.

Gaur zortzi Frantziako eta Espainiako poliziek hamabi lagun atxilotuz abiatutako sarekadarekin dago lotuta Arzalluzi deklarazioa hartzea. Operazio horretan atxilotutako hainbati "ETAren finantziazio sareko" kide izatea egozten diete; zehatzago, iraultza zergaren eskaera eta kobraketarekin zerikusia izatea.

Ildo horretatik, joan den ostiralean Leitzako (Nafarroa) bi enpresaburu atxilotzeko agindu zuen Grande Marlaskak, iraultza zerga ordaindu zutela, eta ondorioz, "ETAri lagundu" ziotela leporatuta. Era berean, EAJko zuzendaritzako kide Gorka Agirre inputatu gisa deklaratzera deitu zuen, sare horren berri bazuela iritzita. Arzalluz jeltzaleen lehendakari izana, berriz, lekuko gisa.

Atzo, deklarazioa hartu ondoren aske utzi zituen bi enpresaburu nafarrak, baina ondo zehaztuta, Fiskaltzak badaezpadako neurririk eskatu ez zuelako hartu zuela erabaki hori; hots, parteen eskaerarik ezean berak ezin zuelako kartzelatzea agindu. Izan ere, inputatuta jarraitzen dute enpresaburu biek.

Gorka Agirrek, berriz, gaur deklaratu behar zuen, baina joan den astean ebakuntza eginda osatze prozesuan denez, atzerapena onartu du Grande Marlaskak. Hala ere, bihar bera joango da Madrildik Bilbora Agirreri deklarazioa hartzea. Gaur, esan bezala, Arzalluzek deklaratuko du, lekuko gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.