JAURLARITZA

EAJk espero du hilaren 31n batzea Batzar Nazionala, gobernu ituna babesteko

Datorren ostiralean, hilak 28, amaituko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzaren lehendakaritzarako hautagaitzak aurkezteko epea.

EAJ eta PSE-EEko kideak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen osteko lehen bileran. MARISOL RAMIREZ / FOKU
2020ko abuztuaren 22a
12:08
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren programa eta gobernuaren osaketa negoziatzen ari dira EAJ eta PSE-EE, eta, Efe berri agentziak bi alderdietako iturriak aipatuz zabaldu duenez, jeltzaleek eta sozialistek espero dute abuztuaren 31n biltzea alderdiaren babesa; etzi zortzi.

Bi alderdiek astebeteko epea eman diote elkarri akordioa lortzeko, eta EAJren asmoa da hilaren 31n elkartzea Batzar Nazionala. Egun berean, oinarrien artean kontsulta egingo luke PSE-EEk.

Aste erabakigarria izango da datorrena gobernuaren osaketan. Ostiralean amaituko da Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzako lehendakaritzarako hautagaitza aurkezteko epea, osoko bilkura irailaren 3rako ezarri baitute, eta ordurako ados jarrita beharko lukete. Bi alderdietako iturriek aurreikusten dute asteazkenera edo ostegunera arte luzatzea negoziazioak. Bitartean, asteartean urte politikoa abiatzeko gobernu kontseilua egingo du jarduneko Jaurlaritzak, Donostiako Miramar jauregian.

Iturri batzuen arabera, EAJk eta PSE-EEk autogobernuan dauzkate desadostasun nagusiak; hain justu, gai horretan ez dute posizio bateraturik mantendu Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean azken legealdian. Gainera, ikusteke dago Idoia Mendia PSEko idazkari nagusia gobernuan sartuko den eta, horrela, sozialistek posizio sendoagoa izango luketen gobernuaren barruan.

Azken legealdian, Jaurlaritzak ez du lehendakariorderik izan, eta, Mendia gobernuan sartuz gero, horixe litzateke Mendiak bete lezakeen postua. EAJko iturriek, ordea, zalantzak dituzte formula horren inguruan, "behartu" egingo lukeelako EAJko beste lehendakariorde bat izendatzera, "orekatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.