EAJk eta EAk "etika, gardentasuna eta efikazian" oinarritu nahi dute Gipuzkoako Aldundia

Gaur sinatu dute gobernu akordioa Egibarrek eta Galdosek, eta etzi bozkatuenak izateko itxaropena daukate. EAJk sei sail hartuko lituzke eta EAk lau. Markel Olano litzateke ahaldun nagusia eta EAk hartuko luke ahaldun nagusiordearen kargua.

2007ko uztailaren 4a
18:16
Entzun
"Etika, gardentasuna eta efikazia". Halakoa litzateke Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernua, gaur EAJk eta EAk eurek egindako akordioaren izenpetzean esan dutenez. Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) lehendakariak eta Iñaki Galdos EAren Gipuzkoako presidenteak aurkeztu dute hitzarmena, Donostian, eta biek sinatu dute. Etzi jakingo da EAJ-EA den nagusi edo ez.

EAJk Gipuzkoan 16 eserleku lortu zituen maiatzeko foru hauteskundeetan eta EAk 7. Bien artean, 23. Gehiengo osoa izateko, beraz, hiru falta. PSE-EEk 16 erdietsi zituen, PPk 6 eta EB-Aralarrek ere 6. PSE-EEk EBri lau sail izatea eskaini dio, honen (eta PPren) babesarekin Miguel Buen sozialista atera dadin ostiralean ahaldun nagusi, baina Egibarrek eta Galdosek esan dute "lasai" daudela. "PPk esan du Gipuzkoan Buenen alde egingo lukeela, baldin eta PSE-EEk Araban PPren alde egingo balu. Ez zait iruditzen hor sartuko denik EB", adierazi du Galdosek.

Egibarren ustez, gaur sinatu duten akordioa "emaitza politiko logikoa" da, azkeneko urteetan bi alderdiek elkarrekin lan egin izan dutelako Gipuzkoan ere. Gutxiengoa luketela-eta, "gobernatzeko etengabeko negoziaketak" egin beharko lituzketela aitortu du EAJren buruak. PSE-EEri "lasaitasuna eta errespetua" izateko eskatu dio, "Buen obsesionatuta dagoelako ahaldun nagusi izateko".

"Erronka nagusiak"

EAJren eta EAren ustez, hauek dira Gipuzkoak dauzkan "erronka nagusiak":

- "Bakea lortzea; hau da, indarkeriarik gabeko eszenatokia. Era berean, giza eskubideak errespetatu behar dira, eta normalizazio politikoa lortu behar da. Horretarako, Gipuzkoako eta Euskadiko gizartearen aniztasuna eta euskal herritarrek euren etorkizuna erabakitzeko daukaten eskubidea aitortu behar dira.

- Politika publikoen planifikazioa eta eraginkortasunean sakontzea. Horretarako, herritarrek horien diseinuan parte-hartze handiagoa izango dute eta gizarteak Gipuzkoan aurrera eramango diren politiken inguruko informazio gehiago jasoko du. Horrela, erabakietan gardentasun handiena izatea eta kudeaketa arduratsua izatea bermatuko da.

- Gipuzkoa ekonomian, gizarte kohesioan, kultur garapenean eta ingurumenaren errespetuan aitzindaria izatea ahalbidetuko duen garapen iraunkorraren alde lan egitea.

- Exijentzia etiko eta gardentasun maximoak ezartzea eta ikuspegi legaletik zein politikotik horiek betetzen ez dituzten jokabide guztien aurka irmo egitea. EAJren eta EAren ustez, etika eta gardentasuna dira jarduera politikoaren, instituzionalaren eta bizitza publikoaren ardatzak".

Proiektu zehatzetan, AHT, Pasaiako kanpo portua eta errauskailua bultzatuko dute -hor ados egon izan dira lehen ere-, eta Sozietateen Zergari buruz aurreko legealdian desadostasunak azaldu dituzten arren, "ahalik eta bizkorren" aurkeztuko lukete proposamena, "Gipuzkoako enpresei egonkortasuna eta segurtasun juridikoa emateko".

Euskaran, "lehentasuna" emango diote "euskararen erabilpena gehitzera zuzendutako ahalegina egiteari, gizartean bere osotasunean, eta bereziki sektore sozio-ekonomikoan, zein komunikazioaren eremuan". Horretarako, "beharrezkoa" dela uste dute "euskararen aldeko adostasun soziala zabaltzea eta finkatzea".

Kargu banaketa

EAJk sei sail hartuko lituzke eta EAk lau. Markel Olano litzateke ahaldun nagusia eta EAk hartuko luke ahaldun nagusiordearen kargua. Sailen artean, EAk lortu du Ogasuna izatea.

EAJ

- Ahaldun nagusia.

- Lehendakaritza eta Foru administrazioa Saila.

- Kultura eta Euskara Saila.

- Errepide azpiegiturak Saila.

- Landa garapena Saila.

- Mugikortasuna eta Lurralde antolakuntza Saila.

- Garapen iraunkorra Saila.

EA

- Lehenengo ahaldun nagusiordea.

- Ogasuna eta Finantzak Saila.

- Ekonomia eta Berrikuntza Saila.

- Gizarte politikak Saila.

- Kirola eta Kanpo ekintza Saila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.