Ibarretxe auzia

EAJk eta EBk uste dute Botere Judizialak erantzukizuna eskatu beharko liokeela Ruiz Piñeirori

EAEko Auzitegi Nagusiak Ibarretxeren, PSEko eta ezker abertzaleko kideen auzian irizpide politikoz jardun duela adierazi dute Urkulluk eta Madrazok. Jaurlaritzak ez du nahi berriro hura izatea auzitegiko presidente.

2009ko urtarrilaren 13a
16:16
Entzun
Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak adierazi du Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteari "erantzukizuna" eskatu behar zaiola Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren, PSE-EEko kideen eta ezker abertzaleko kideen aurka izan den auziagatik.

“Ruiz Piñeirori, [Espainiako] Botere Judizialak berak erantzukizunak eskatu beharko lizkioke. Justiziak eta politikak bakoitzak bere bidea izan beharko lukete. Bakoitzak bere erabakiak hartu beharko lituzke, eta Ruiz Piñeirok izan duen papera argi dago zein izan den eta politikarekin zerikusi handia izan du”, esan du Urkulluk Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan.

Ezker Batuak ere kritikatu egin du EAEko Auzitegi Nagusiko buruak azkeneko bi urte eta erdian izandako jokabidea. "Kargu horretan segitzeko sinesgarritasunik eta zilegitasunik ez du", adierazi du Javier Madrazo EBko koordinatzaileak. Ebazpena onartu zen atzo EBko zuzendaritzak. "Piñeirok onartu eta sustatu du auzi hori, helburu politikoa izanda, jakinda auziarekin jarraitzeko arrazoirik ez zegoela".

EBren iritziz ere Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak erantzukizuna eskatu beharko lioke hari.

Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, esan du Ruiz Piñeirok berriro auzitegiko presidente izan nahi badu, Jaurlaritzak ez duela horren alde egingo.

Hasiera batean Ruiz Piñeiro bera eta Nekane Bolado eta Antonio Garcia magistratuak ziren auziko epaileak izatekoak, baina auzipetuen defentsen, akusazioaren eta Espainiako Ministeritza Fiskaltzaren errefusatzeen ondorioz, ardura horretatik kendu egin zituen EAEko Auzitegi Nagusiko 77. salak, epaiketan "inpartzialak" izan zitezkeelako.

Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izan dira epaileak, eta honek atzo jakinarazi zuen auzia artxibatu egin dutela, akusazio partikularrik ez egoteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.