Erabakitzeko eskubidea

EAJk eta EH Bilduk Donostiako galdeketan parte hartzera deitu dute

Bi indar abertzaletako hainbat ordezkari donostiarrek babesa adierazi diote Gure Esku Dago-k sustatutako galdeketari, "erabakitzeko eskubidea defendatu eta gauzatzeko ariketa demokratikoa delako".

EAJko eta EH Bilduko hainbat ordezkari, igandeko galdeketan parte hartzera deitzeko gaur egin duten agerraldian. GURE ESKU DAGO
2018ko azaroaren 16a
11:59
Entzun

EAJko eta EH Bilduko hainbat ordezkari donostiarrek adierazpen bat aurkeztu dute, Gipuzkoako hiriburuan egin duten agerraldian. Bertan izan dira Andoni Etxebeste eta Idoia Elorza EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko kideak, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia eta Reyes Karrere EH Bilduren Donostiako alkategaia. Adierazpena irakurri dute Maria Jesus Idoeta EAJko kideak eta Olaia Duarte EH Bildukoak.

Bi alderdiek defendatu dute galdeketa deseinatu eta antolatzeko prozesuak "bizikidetzan sakontzea" ahalbidetu duela eta galdeketa bera "donostiarren arteko topagune" bilakatu dela. "Gizarte kohesiorako tresna hau begi onez ikusten dugu, eta, horregatik, epe luzeko bizikidetza sustatzen duten dinamikak babesten segiko dugu aurrerantzean ere", adierazi dute.

Azaldu dutenez, galdeketak donostiarrei lagunduko die nolako Euskal Herria nahi duten eta etorkizun hori nola erabaki nahi duten irudikatzen.

EAJk eta EH Bilduk igandean Donostiak egingo den galdeketan parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Nahi al duzu euskal herritarrok gure etorkizun politikoa geure kabuz eta aske erabakitzea? galderari erantzuteko aukera izango dute donostiarrek.

Egun berean, galdeketak egingo dituzte Irunen (Gipuzkoa) eta Enkarterriko (Bizkaia) hiru herritan: Alonsotegin, Zallan eta Balmasedan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.