Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidenteak eta Eusko Jaurlaritzak gaur esan dute Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak joan den irailaren 28an aurkeztutako galdeketa asmoaren metodologiarekin eta egutegiarekin aurrera segituko dutela, nahiz eta igandean Espainiako hauteskundeetan Jaurlaritzako hirukoak (EAJ, EA, EB) "emaitza txarrak" lortu (117.000 boto eta diputatu bat galdu zituen EAJk, 30.000 boto eta diputatu bat EAk, eta 52.000 boto EBk).
Ibarretxek ekaina baino lehen Espainiako presidentearekin akordiora heldu nahi du -Jose Luis Rodriguez Zapatero izango da berriro presidente-, eta ekainean gaia Eusko Legebiltzarrera eramango luke, akordioaz edo akordio ezaz hitz egiteko. Honek ere ez badio balekorik ematen, hauteskundeak deituko lituzke. Urriaren 25ean egin nahi du galdeketa Ibarretxek.
Urkulluk hurrengo asteetan Zapaterorekin bildu nahi du, "XXI. mendera egokitutako euskal autogobernuaz" mintzatzeko. "Igandean hari esan nion aukera historikoa zabaldu dela arazo politikoa ondo ixteko", esan du gaur Euskadi Irratian.
Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak, berriz, esan du Espainiakoak ez direla Ibarretxeri "nota jartzeko hauteskundeak". Hark jakinarazi duenez, Ibarretxek azkeneko orduetan telefonoz hitz egin du Zapaterorekin, eta "honi elkarrizketa eskaini dio bakea eta normalizazio politikoa lortu ahal izateko".
EAJko buruak bere alderdiari "azterketa lasaia eta autokritikoa" egiteko eskatu dio hauteskundeetako emaitzak direla-eta. "Gizarteak gaur egun jarrera lasaiagoak nahi ditu, ez hain tentsio handikoak eta dramatikoak". Hala ere, EAJren emaitzak Ibarretxeren galdeketa proposamenarekin lotzea "sinpleegia" litzatekeela uste du.
Politika
EAJk eta Jaurlaritzak diote Ibarretxeren galdeketaren metodologiarekin segituko dutela
Jaurlaritzako lehendakariak ekaina baino lehen Zapaterorekin akordiora heldu nahi du. Urkulluk "XXI. mendera egokitutako autogobernuaz" hitz egin nahi du Espainiako gobernuburuarekin; "aukera historikoa zabaldu da arazo politikoa ondo ixteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu