Beste urtebetez, PSEren babesarekin onartuko ditu aurrekontuak Eusko Jaurlaritzak, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Izan ere, 2014 eta 2015eko kontuak ere alderdi horrekin adostu zituen EAJk. Aurrekontu proiektuan, Jaurlaritzak iragarri zuen 2015erako kontuetan baino %2,8 gehiago izango zuela 2016an.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak nabarmendu du "Euskadik langabezia eta desberdintasunaren aurkako tresna gehiago" dituela akordioari esker, argudiatuta "baliabide guztiak" jarri ahal izango dituela Jaurlaritzak "suspertze ekonomikoaren alde".
Jose Antonio Pastor PSEko Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eman du akordioaren berri, aitortuta ez direla PSEk osatuko lituzkeen aurrekontuak. Pastorrek esan du akordioaren bidez Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuko "hutsuneak zuzendu" dituztela, eta gaineratu horien bidez herritarrek "beren arazoei aurre egiteko tresnak" izango dituztela.
Bi alderdiek 2013ko irailaren 8an hitzartu zuten itun ekonomikoa. Egoera ekonomikoa, zerga erreforma eta arkitektura instituzionala ardatz dituen hitzarmena da bi alderdiek orduan sinatutakoa.