EAJk eta PSEk hasierako akordioa lortu dute polizia gehiegikerien biktimen legea onartzeko Eusko Legebiltzarrean uztailaren 28an egingo duten osoko bilkuran. 1978 eta 1999 bitartean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan errepresio ez-zilegia jasan zuten biktimak aitortzea eta ordaina ematea du xede legeak.
EAJko eta PSEko iturriak aipatu ditu EFE agentziak akordioaren berri emateko. Behin betiko testua bihar itxiko dute, eta PSEk egindako zuzenketa gehienak jasoko ditu, bai eta PPk aurkeztutako “hainbat” ere. PSEk dei egin die gainontzeko alderdiei akordioa babestera, eta nabarmendu du helburua dela legea ahalik eta adostasun handienarekin onartzea.
Legearen "ziurtasun juridikoa sendotzea" da EAJk onartu dituen zuzenketen helburua, PSEk adierazi duenez. EAJk esana zuen lege proiektuak ziurtasun juridikoa bermatua duela, baina PSEren 31 zuzenketetatik gehienak egin ditu bere.
Ezarriko diren aldaketen artean dago legearen izena bera. 1978 eta 1999 urteen arteko "giza eskubideen urraketen biktimak" aitortu eta erreparatzeko legea izango da. PSEk ezabatu egin nahi izan ditu "errepresio ez-zilegi" terminoaren erreferentziak. Giza eskubideen urraketa batzuk, poliziaren ekintza zilegien testuinguruan eman zirela defendatu du PSEk; legezko atxiloketak edo legez kontrako manifestazioen desegiteak, kasu.
Horrez gain, testuaren idazkera moldatzea adostu dute EAJk eta PSEk "gatazkaren teoria delakoaren ikuspegitik" interpretatuak izan ez daitezen.
Bestalde, PSEren zuzenketekin, legearen babesetik kanpo geldituko dira, espresuki, indarkeria ekintza bat burutzeko arma edo lehergailuen erabileran hildako pertsonak.
EAJk ez ditu EH Bilduren zuzenketa gehienak onartu, EFE agentziak iturri jeltzaleak aipatuz ziurtatu duenez, "legearen izpiritua nahasi" egiten duelako. EH Bilduk Espainiako Estatuaren biktimak gainontzekoekin parekatzea eskatu du, besteak beste.
PPk, berriz, ez du aldaketarik atzeman defendatu dituen eskakizunei dagokienez. Alderdi Popularrak salatu du lege proiektuak ez dituela aintzat hartzen ETAk mehatxatutako pertsonak, edota kale borrokak kaltetutakoak.