Etzi 19:30ean egingo dute bilkura. Bigarren bidea azkarragoa da, eta horrela egitea erabakiko balu, beste ezohiko bilkura batera deitu beharko luke Aberri Batzarrak. Litekeena da egun hori urtarrilaren 12a izatea.
Bi dira aukerak, EAJk ohar baten bidez azaldu duenez: lehenengoa, alderdikideei kontsulta egiteko prozesu bat hastea, bi hautespen alditan egina; eta bigarrena, Aberri Batzarrak berak oraingo EBB osatzen duten burukideen artean aukeratzea presidentea. Bigarren aukera hartuko balitz, Abenduaren 20ko Aberri Batzarrak beste ezohiko bilkura baterako data jarri beharko luke, eta hori urtarrilaren 12an izan liteke, proposamena bozkatzeko eta beraz EBBren presidente berria aukeratzeko.
EAJren arabera, Aberri Batzar bi horien artean herrialde batzarrak iragarriko lituzkete, Aberri Batzarraren erabakia bertan azaltzeko.
Halaber, Estefania Beltran de Heredia, Ana Oregi eta Ricardo Gatzagaetxebarria sailburu izatera igaro direnez, haien ordezko izango dira EBBn Pello Iparragirre, Juan Carlos Ramirez-Escudero eta Ana Otadui.