POLITIKA

EAJk Europako Parlamentura eramango du Hauteskunde Legearen erreforma

Nafarroako Gobernuak eta Bilboko alkateak auzitan jarri dute alkateak aukeratzeko moduari buruzko eztabaidaren garaia.

Izaskun Bilbao, maiatzean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
2014ko abuztuaren 21a
07:03
Entzun

Hautsak harrotzen ari da oraindik ere Espainiako Gobernuak egin asmo duen Hauteskunde Legearen erreforma. EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok iragarri du Europako Parlamentura eramango duela erreforma "antidemokratiko" hori, eta Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ohartarazi dio: "Norbaitek, negoziatu nahi duenean, ez du entzun bakarrik egiten".

Onda Vasca irratian eginiko adierazpenetan, Bilbaok esan du ALDE Europako Parlamentuko liberal demokraten taldea "kezkatuta" dagoela proposamenarekin: "Erreforma antidemokratikoa da, erabilitako prozedurarengatik eta helburuengatik, ikusita helburu bakarra PPri mesede egitea dela".

PPren gobernuaren asmoen arabera, udal hauteskundeetan gehien bozkaturiko zerrendarentzat izango da alkatetza. Gainera, Madril prest agertu da soilik PPren babesarekin lege erreforma aurrera ateratzeko.

Patxi Lopez PSEko jarduneko idazkari nagusi eta PSOEko Ekintza Politikorako idazkariak argi utzi du bere alderdia ez dela eroriko Hauteskunde Legearen erreforma negoziatzeko "tranpan", haren ustez helburu bakarra PPk zenbait hiritako alkatetzak mantentzea delako.

Lege erreformak EH Bilduri mesede egingo liokeela adierazi zuen atzo Arantza Quiroga Euskal Autonomia Erkidegoko PPko presidenteak, eta hori hala izatea ukatu du Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak: "Erreformak ez dio Bilduri mesederik egiten, demokraziari ez baitio mesederik egiten".

Garaia auzitan jarri du Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Esan du "agian" ez dela "garairik egokiena" halako erreforma bat eztabaidatzeko, eta beharrezkotzat jo du zenbait erreformak "ahalik eta adostasun zabalena" izatea.

Bilboko alkate Ibon Aresok, berriz, "zilegi" jo du Hauteskunde Legea aldatu nahi izatea, baina eztabaida orain egitea "arinegia" iruditzen zaio, "hauteskundeen atarian" egingo litzatekeelako.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak, berriz, "iruzur antidemokratiko eta hauteskunde iruzurtzat" jo du PPren asmoa, eta alkateak aukeratzeko bi hauteskunde itzuli egiteko aukera defendatu du, "alkateak legitimatu eta akordioei gardentasuna emateko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.