I am Basque lelopean dator, aurten ere, EAJren Alderdi Eguna. Igande honetan Forondan (Araba) bilduko diren milaka jeltzaleek beste herrialdeek dituzten eskubide zein betebehar berak nahi dituztela aldarrikatuko dute aho batez.
Pilar Garcia de Salazar eta Joseba Aurrekoetxea EBBko kideak izan dira Alderdi Egunaren 36. edizioa aurkezteko arduradunak. Aurtengo berritasun nagusia Urkullu lehendakariaren hitzaldia izango da, lehendakari denetik lehenengo aldia izango baita Alderdi Egunera bilduko dena. Urkullurekin batera, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta EGIko bozeramailea igoko dira Forondako oholtzara.
Ez da lehen aldia EAJk I am Basque leloa erabiltzen duena, Jose Antonio Agirre lehendakariak sorturiko leloak gaur egun ere indarra duela nabarmendu baitu Garcia de Salazarrek. “Esaldia Agirre lehendakariaren aurkezpen mezua zen, eta bere aldarria zena gaur egun gure aldarria da, inoiz baino gehiago. Euskadi nazioa dela aldarrikatzen dugu, baina, batez ere, Euskadiren eskubide guztiak defendatu nahi ditugu”, azaldu du. Herrialde Katalanetako prozesuak ere isla izango du Forondan, baina Andoni Ortuzarren hitzaldia entzun arte ezingo da jakin nora arte helduko den, Garcia de Salazarren arabera.
Aurrekoetxearen ustez, alderdi gutxik lor dezaketen eguna ospatuko dute igandean. 400.000 metro karratuko gunea prestatu dute, non horietako 130.000 hitzaldien gunerako erabiliko diren. Beste 25.000 metroak karpa eta txosnetarako erabiliko dira, eta gainontzekoa, aparkaleku moduan.
Hainbat alderdik delegazioak bidaliko dituzte Alderdi Egunera. Horien artean, BNG, CDC, Coalicion Canaria, eta Frantziako, Venezuelako, Uruguaiko, Panamako, Kubako eta Peruko alderdiak daude.