EAJk «Euskadirentzat beste estatus politiko bat» eskatuko du Madrilen

Bakea eraiki eta bizikidetzan sakontzea eta ongizatea eta lana bultzatzea izango dira EAJren beste lan ildoak

Josu Erkoreka, Iñigo Urkullu, Arantza Tapia eta Emilio Olabarria, atzo, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Legegintzaldi berrirako asmoak garbi ditu EAJk. Espainiako Kongresurako eta Senaturako zerrendaburuak aurkezteko Bilbon egindako agerraldian, Iñigo Urkullu presidenteak berak azaldu zituen zeintzuk izango diren alderdiaren helburuaren hiru ardatzak: «Euskadirentzako estatus politiko berria lortzea, bakea eraiki eta bizikidetzan sakontzea eta ongizatea eta lana bultzatzea».

Urkulluk adierazi zuen amaitzear den legegintzaldia «biribila» izan dela, besteren artean, Gernikako Estatutua betearazteko bidean EAJk egin dituen lorpenengatik. Baina ez du hor gelditu nahi, beste urrats bat egin nahi du, eta «Madrilen Euskadirentzat beste estatus politiko bat eskatzea» izango da hurrengo urrats hori. Urkulluk esan zuen «Euskadiri nazio izaera eta bere etorkizunaz erabakitzeko eskubidea aitortzeko» lan egingo duela EAJk. «Beti bezala, EAJ izango da Euskadin sortu eta Euskadin berretsiko den proposamen horrek Madrilen izango duen plataforma».

Horrez gain, ekonomiaren egoera eta lan merkatuko baldintzak hobetzeko proiektuak lortzen saiatuko direla agindu zuen EAJko presidenteak, «osasunaren, hezkuntzaren, gizarte zerbitzuen eta beste zerbitzu publikoen iraunkortasuna ezinbestekoa dela sinetsita». Urkulluren hitzetan, bere alderdiak egunez egun erakutsi du Madrilen «Euskadirekiko duen konpromisoa», eta lan horrek fruituak eman ditu. «Euskal gizarteak badaki konpromiso horretan nekaezina, agorrezina eta berdingabea dela euskal alderdia». Hori horrela, adierazi zuen bere alderdiaren kudeaketa eredua «ezaguna eta fidagarria» dela eta Estatuaren egonkortasunari ekarpen garrantzitsua egin diola amaitzear den legegintzaldian. Urkulluk EAJren lorpentzat jo zituen Espainiako ekonomiaren egoerak egonkortasun politikoan eragin ez izana eta «Euskadin bake eta bizikidetza garai berri baterantz egin izana». «EAJk konfiantza eta emaitzak lortzen dituelako, ez duelako bulkadaka funtzionatzen eta Euskadiren etorkizunaz hitz egiten den leku guztietan haren interesak defendatzen dituelako».

Josu Erkoreka Espainiako Kongresurako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak ziurtatu zuen ahal duten guztia egingo dutela «Euskadik aurrerantz egiteko» eta Urkulluk esandako helburuak betetzeko, «ez baitira gure helburuak, Euskadirenak dira». Horregatik, adierazi zuen inoiz baino garrantzi handiago duela Espainiako Parlamentuan talde indartsu bat izateak, «krisiak ez dezan Euskadi nazio eta ekonomia gisa ezereztu».

Erkoreka Bizkaikoa bezala, Emilio Olabarria izango da Espainiako Kongresurako EAJren Arabako zerrendaburua eta Arantxa Tapia Gipuzkoakoa. Senaturako zerrendaren buru, berriz, Claudio Rodriguez joango da Arabatik, Iñaki Anasagasti Bizkaitik eta Lorea Leanizbarrutia Gipuzkoatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.