Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiari Batzar Nagusietan agerraldia egiteko eskatu dio EAJk, Kataluniako udako unibertsitatean biktimen inguruan esandakoak piztu duen zalapartaren harira, baina jeltzaleak ez daude prest PSOEk eta PPk proposatutako ildotik urrats bat haratago egin eta zentsura mozioa aurkezteko. "Horixe nahi du Bilduk, bere kontrako zentsura mozioa aurkeztea eta aurrera ateratzea. Horrela, gobernatzeko ardura beren gainetik kentzeko —uste baino gogorragoa dela konturatzen ari baitira— eta beren burua biktima eta baztertu gisa saltzeko", adierazi du Josu Erkoreka EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak Radio Euskadin.
Era beren, auzi horretan PSOEk eta PPk hartu duten jarrera ere kritikatu du, hauteskundeetarako probetxu atera nahi dutelakoan. "Hauteskundeetara begira hartutako jarrera da. Ematen du orain jokabide irmoak hartzearen alde egiten ari direla, baina badakigu bihar haiekin [Bildukoekin] batzartuko direla komeni zaien gauzetaz hitz egiteko. Ez ditugu PPren eta PSOEren hauteskunde giroko jokabideak babestuko", azpimarratu du.