EAJk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak baztertu behar zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako euskal herritarren %62ren ustez, PPren ustelkeria kasuengatik. Ia herritarren erdien iritziz (%49), Madrilek pentsiodunekiko izan duen jarrera nahikoa arrazoi da EAJk aurrekontuak ez babesteko. PPren lurralde politika aipatu dute inkesta erantzun duten herritarren %41ek. Aldiz, herritarren %33k uste dute Katalunian 155. artikulua ezartzeagatik ukatu behar ziela babesa alderdi jeltzaleak PPren kontuei.
Soilik herritarren %8k defendatu dute ez dagoela arrazoirik EAJk Espainiako aurrekontuei ezezkoa emateko.
Deustuko Unibertsitateak maiatzeko lehen hamabostaldian egin zuen inkesta, eta 1.000 lagunen erantzunak bildu ditu.
Bestalde, Deustobarometroak emaitzetan jaso duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren %13k dakite bakarrik Eusko Jaurlaritza EAJren eta PSE-EEren arteko koalizio gobernua dela.
Horrez gain, lurraldetasunari buruz galdetuta, erantzun dutenen %28 egungo lurralde ereduarekin jarraitzearen alde agertu dira, %41ek autogobernuan sakontzea eskatu dute, eta %16k nahiago lukete EAE independente izatea. Hala ere, %44k nahi lukete independentziari buruzko galdeketa batean parte hartu, eta halako erreferendum baten kontra agertu dira inkestan parte hartu dutenen %39. Erreferenduma egingo balitz, independentziaren alde bozkatuko lukete %23,6k, eta kontra, berriz, %41,6k.
ETAren jardunari buruz, erantzun dutenen %53k uste dute ETA talde terrorista bat izan dela, indarkeria inolako justifikaziorik gabe erabili duena. ETA indarkeria bitarteko politiko gisa erabili duen askapen mugimendua izan dela erantzun dute %26,5ek.
Bake prozesuaren gaineko iritziak ere bildu ditu inkestak. Herritarren %54k uste dute prozesuak aurrera egiteko ETAko presoek biktimei eragindako mina aitortu beharko luketela. %46ren iritziz, aldiz, euskal presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbildu beharko liratekeela uste dute.