EAJk galdeketaren inguruan jarritako helegitea atzera bota du Estrasburgok

Ados egon ez arren erabakia errespetatu egiten duela eta «men» egiten diola esan du alderdi jeltzaleak

Erredakzioa
Donostia
2010eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ez du onartu Kontsultaren Legea baliogabetu zuelako EAJk Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren kontra jarritako helegitea. Balizko negoziazio prozesu bat abiatzeari buruz galdeketa egitea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak 2008an, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak proposatuta. Galdeketa hori Espainiako Konstituzioaren kontrakoa dela esanda, debekatzea erabaki zuen, ordea, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. EAJk debeku horren kontrako helegitea jarri zuen Estrasburgon, Europako Giza Eskubideen Auzitegian. Alderdi jeltzaleak berak jakinarazi duenez, Auzitegiak ez du tramiterako onartu helegitea. Erabakia behin betikoa da, eta ez dago helegite gehiago jartzeko aukerarik.

Europako Giza Eskubideen Kartan aitortzen den kontsultarako eskubidea urratu zuen Auzitegi Konstituzionalak, EAJren irudiko. Hargatik, erabaki hori atzera botatzeko eskatu zion Estrasburgokoari. Egbert Myjer epaileak auzia artxibatzea erabaki du, EAJk ohar batean esan duenez «haren iritziz bateraezina delako -gaiaren zioz- Giza Eskubideen Europar Hitzarmenaren xedapenarekin».

EAJ ez dago ados auzitegiak hartutako erabakiarekin, baina hura «errespetatu» egiten duela eta esandakoari «men» egiten diola gaineratu du. Alderdi jeltzalearen irudiko, erabakiak ez dio erantzuten helegitean argudiatu zutenari, eta «formulatu ez zuten zerbaitetan oinarrituta» artxibatu dute. Gainera, auzitegiak erabakia hartzeko orduan Giza Eskubideen Hitzarmenaren interpretazio «mugatu eta mugatzailea» egin duela salatu du EAJk. Giza Eskubideen hitzarmen hori, «demokrazia zuzenaren eskakizunetara» moldatu beharko litzateke, jeltzaleen irudiko, herritarren parte-hartzera bideratuz.

Helegitez helegite

2008ko ekainean onartu zuen Eusko Jaurlaritzak Ibarretxek proposatutako Kontsultarako Legea. Hain justu, urriaren 25ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrei galdera egitea onartu zuten, EAJren, EAren, EBren, Aralarren eta EHAKren botoekin -azken horrek boto bakarra eman zion-. PPk eta PSE-EEk, bestalde, ekimenaren kontrako botoa eman zuten.

Ibarretxek 2007ko irailaren 28an aurkeztu zuen lege proposamena Eusko Legebiltzarrean. Ordutik aurrera, Espainiako Gobernuarekin akordioa lortzen ahalegindu zen, baina hark ezezkoa eman zion, eta horregatik eraman zuen proposamena Eusko Legebiltzarrera. Han onartzearekin batera, Espainiako Gobernuak legearen kontrako helegitea jarri zuen, ordea, Auzitegi Konstituzionalean, eta automatikoki baliogabetuta utzi zuen. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bost hilabete zeuzkan helegiteari buruzko erabakia hartzeko. Irailaren 11n jakinarazi zuen Eusko Jaurlaritzak hilabete geroago egin asmo zuten kontsulta hori ezin zuela egin. Kontsultak egiteko eskumena Estatuarena dela argudiatu zuen Konstituzionalak, Jaurlaritzak egin nahi zuena erreferenduma zela eta ezin zuela berak horrelakorik egin.

Estrasburgora jo zuen orduan EAJk, eta gauza bera egin zutenEAk eta Aralarrek ere -bere garaian legearen aldeko botoa eman zuten-. Hori bai, bakoitzak bere aldetik egin zuten Estrasburgorako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.