Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Bizkaia

EAJk gehiengoa berreskuratu du Bizkaian, boto kopuruan igota

Kongresurako zortzi eserlekuetatik hiru eskuratu ditu EAJk; bina PSE-EEk eta Amaiurrek, eta bakarra PPkSenaturako, 2008ko datuak irauli egin dira: hiru kide izango ditu EAJk, eta bat PSE-EEk

EAJren Bizkaiko zerrendaburu Josu Erkoreka, Bakion, botoa eman zuen bozkalekuan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Duela lau urte Bizkaian galdu zuen gehiengo historikoa berreskuratu egin du EAJk. Kongresurako Bizkaian banatu diren zortzi eserlekuetatik hiru eskuratuta, bere boto-emaile fidelenak dituen lurralderako jarria zuen helburua bete dute jeltzaleek. PSE-EEk eta Amaiurrek bina diputatu lortu dituzte, eta, PPk, bat. Abstentzioa, 2008koa baino hiru puntu txikiagoa izan da; %30ekoa.

Bizkaiko boto-emaileen %32,62ekin eskuratu dituzte jeltzaleek hiru eserleku Madrilen. 208.223 botori esker, Josu Erkorekak, Aitor Estebanek eta Pedro Azpiazuk diputatu jarraitzeko aukera izango dute. 196.242 bozekin, boto-emaileen %31,10ekin, hiru eserleku lortu zituzten duela lau urte ere jeltzaleek, 2004an eta 2000an eskuratutako lauetatik bat galduta. Oraingoan, Amaiur eskenatokian indarrez sartu den arren, 2008ko ordezkaritzari eutsi dio EAJk, hamabi mila boto irabazita, gainera.

Alderdi Sozialistak, duela lau urte eskuratutako eserleku erdiak galdu ditu. 136.426 bizkaitarren babesarekin (%21,37), bi ordezkari izango ditu: Eduardo Madina eta Jose Maria Benegas. 2008koak boz bereziak izan ziren sozialistentzat, eta lau diputatu lortu zituen Bizkaian, 233.371 botorekin. 2004an hiru diputatu jaso zituen, eta2000. urtean bi.

Indartsu sartu da Amaiur Bizkaian ere. 122.606 bizkaitarrek eman diote babesa koalizioari, eta horiekin, bi eserleku Espainiako Kongresuan: Iñaki Antiguedadena eta Jon Iñarriturena. Aurreikuspen eta inkestek oredezkaritza bat lortzeko aukera mahai gainean zuten arren, zailtzat jotzen zuten bigarrena, baina hori ere eskuratu du Bizkaian, boto emaileen %19,21ei esker .

PP izan da azken eskainu horren banaketan galtzaile. Izan ere, bai inkestetan bai botoen zenbaketa hasterakoan, zortzigarren eserlekua PPk edo Amaiurrek jasoko ote zuen zalantza bazegoen, emaitzen datuek aurrera egin ahala, gero eta argiago utzi zuten koalizio abertzalearen esku geratuko zela azken eserlekua. 113.021 babes jasota lortu du PPk Leopoldo Barreda diputatu izatea; boto-emaileen %17,70ekin. Eserleku bakarra lortu zuen 2008an ere, 116.110 botorekin.

Senaturako ordezkariei dagokienez, lau eserleku banatu dira Bizkaian, gainontzeko lurraldeetan bezala. Duela lau urte senatariak lortu zituzten bi alderdiek lortu dituzte oraingoan ere ordezkariak, baina kopurua trukatuta. EAJk hiru senatari izango ditu (Iñaki Anasagasti, Jose Maria Cazalis eta Ruth Martinez), eta PSE-EEk bat (Dimas Sañudo). 2008an, hiru senatari eskuratu zituzten sozialistek, eta bat jeltzaleek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.