Politika

EAJk helegitea aurkeztuko du Estrasburgon, Kontsulta Legea ezeztatzeko erabakiaren aurka

EAJko buru Iñigo Urkulluk gaur adierazi du datozen egunetan sartuko dutela helegitea.

2009ko otsailaren 9a
18:54
Entzun
EAJk helegitea aurkeztuko du Estrasburgon datozen egunetan, Kontsulta Legea ezeztatzeko erabakiaren aurka. Halaxe jakinarazi du gaur alderdiko presidente Iñigo Urkulluk, Bilbon.

Eusko Alderdi Jeltzalearen legezko ordezkariek helegitea aurkeztuko dute datozen egunetan, Estrasburgon (Alsazia, Frantzia) Europako Batasunak duen Giza Eskubideen Auzitegian, joan den urtean Eusko Legebiltzarrak onartu zuen kontsulta Legea ezeztatzeko Espainiako Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakiaren aurka.

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen EAEn kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere jaso zuen legeak), eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak debekatu egin zuen. Iazko urriaren 25ean egitea nahi zuten galdeketa.

Urkulluren berbetan, “gai horren inguruan Euzko Alderdi Jeltzaleak eskatu dituen bi txostenen ondorioak aztertu ondoren, errekurtsoa aurkezteko erabakia" hartu du alderdiak, baita errekurtso hori abokatuek idazten amaitu ondoren lehenbailehen aurkeztekoa ere. Txosten horietako bat arlo horretan aditua den Europako bulego batek egin dio EAJri.

“Jaso ditugun txostenek erakusten digute Giza Eskubideen Auzitegiak helegitea onartzeko aukerak badaudela” azaldu du. “Helegitea Kontsulta Legearen alde dauden alderdi guztiek batera jarri izana nahiko genukeen, baina bakoitzak ekimenari bakarka heltzea erabaki du, bakoitzak bere modura –eta horretarako eskubidea dute, noski–".

Joan den astean Eusko Alkartasunak eta Aralarrek sartu zuten helegitea Estrasburgon.

“Helegite hori aurkeztuta gizartearekin hartutako konpromisoa ere betetzen dugu, eta 63.128 euskal herritarrengandik jasotako babesari bidea ematen diogu. Mahai honetan dago atxikipen horien zati bat”, zehaztu du Urkulluk, Sabin Etxean (EAJren Bilboko egoitza) prentsaurrekoa eman duen gelako mahai gaineko paperak seinalatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.