Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen arabera, EAJk irabaziko lituzke berriz ere Espainiako Gorteetarako Hauteskundeak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hiru herrialdeetan jokoan dauden 18 eserlekuetatik sei eskuratuko lituzke, duela lau urteko bozetan baino bat gehiago. Bigarren indarra EH Bildu litzateke, lau diputaturekin, duela lau urte baino bi gutxiago. 2011n Amaiur markarekin aurkeztu ziren egun EH Bildu osatzen duten alderdiek eta sei eserleku eskuratu zituzten.
EH Bilduz gain, PSE-EEk eta PPk ere galduko lituzkete diputatuak. Sozialistak lautik bira jeitsiko lirateke eta PP hirutik bira. Beti ere Jaurlaritzaren inkestaren arabera, Ahal Dugu-k emaitza onak lortuko lituzke. Lau eserleku.
Herrialdeka, Araban diputatu bana lortuko lukete EAJk, EH Bilduk, PPk eta Ahal Dugu-k. Duela lau urte bezala, baina PSE-EEk galdu egingo luke orduan lorturiko eserlekua, Ahal Dugu-ren mesederako.
Bizkaian EAJk eutsiko lieke duela lau urte lortutako hiru diputatuei. EH Bilduk eta PSE-EEk bana galduko lukete; bi zituzten eta bakarra ematen die inkestak. Eta horrek mesede egingo lioke Ahal Dugu-ri: bi eserleku aurreikusten baititu alderdi berriarentzat. PPk duela lau urte lorturiko diputatuari eutsiko lioke.
Gipuzkoan, eserleku kopuru bera lortuko lukete EAJk eta EH Bilduk: bina. Eta boto intentzioan ere berdinketa teknikoa ematen die inkestak. Duela lau urte, baina, Amaiurrek diputatu bat gehiago eskuratu zuen eta EAJk bat gutxiago. PSE-EEk eutsiko lioke 2011n lorturiko eserleku bakarrari, PPk galdu egingo luke, eta Ahal Dugu-k bat eskuratu.
Inkesterako informazio bilketa urriaren 13tik 19ra egin zen. Guztira, 2.520 pertsona elkarrizketatu ziren. 560 Araban, 1.260 Bizkaian eta 700 Gipuzkoan.