14:30ean ekin diote talde parlamentarioek Patxi Lopezek goizean egindako hitzaldiari erantzuten. 17:10etan amaitu da haien txanda, Joseba Egibarrekin.
Joseba Egibar (EAJ): "Fiskalitatean Jaurlaritzak ez du seriotasunik erakutsi. Ekonomian ere haren egitekoa plangintzak egitea da, ez marketina egitea. / ETAk eta indarkeria horretatik edan dutenek badute erantzukizun bat. ETAk esan beharra du bere indarkeria behin betiko uzten duela, eta ezker abertzaleak bere historiaren irakurketa zintzo eta zorrotza egin beharra du. Irizpide etikoa eta politikoa behar dira konponbidea lortzeko".
Jose Antonio Pastor (PSE-EE): "Jaurlaritza honek lan ona egin du arlo ekonomikoan eta sozialean, duela bi urte eta erdi baino hobeto gaude, eta hori ikusi da lehendakariak goizean egindako hitzaldian. Enplegua sortzen ari dira enpresak, eta, adibidez, AHTa bezalako proiektu estrategiko batean orain abiada bizian goaz. Patxi Lopez guztien lehendakaria da, ez batzuena soilik. Gobernu honek lidergo instituzionala du, fiskalitatean ikusten den legez. / Bilduk oraindik ez du nahikoa pauso eman indarkeria bukatzeko; azkar egin beharra du gin beharrekoa, eta gauzak garbi esanda. Jaurlaritza hau ari da ezker abertzalea aldatzen".
Antonio Basagoiti (PP): "Duela urtebeteko egoera berean gaude: ez gara gauza izan krisiari erantzuna emateko. Administrazio publikoa argaldu beharra dugu, eta berehala. Horretaz gain, iruzurraren aurka egin behar da beti baina, batez ere, krisiaren garaian. EAJri eta Lopezi proposatzen diet hiruron artean politika ekonomikoa eta fiskalaren hitzarmena egiteko. Akordioa lortu arte mahaitik ez altxatzeko prest nago. / Lopez jauna, ETA oraindik ez da bukatu. Hemen mugitu behar dena ez dira gobernua edo espetxe politika, baizik eta ETA. Irmo segitu behar dugu, bidesaririk ordaindu gabe. Bai, ETA garaitu egin behar da".
Aintzane Ezenarro (Aralar): "Krisian Jaurlaritzaren erantzuna murrizketak, zorpetzea eta zergak ez ukitzea izan da. Fiskalitatean eztabaida proposatu duzu, baina 2009an zergak ez igotzeko ituna sinatu zenuten EAJrekin. / Bake plana gaur ekarri duzu lehen aldiz, non eta Euskal Herrian... 2009an esan zenuen bake gaietan lehentasuna terrorismoari zilegitasuna kentzea zela, eta iaz zenioen zer gertatzen zen ikusi behar zela. Beraz, gaur zure hitzaldian aldaketak ikustea positiboa da. Politikatik ere zenbait pauso eman daitezke. Irabazlerik eta galtzailerik gabeko bakea behar da. Kontua ez da gerra irabaztea, baizik eta bakea irabaztea, eta hemen sektore gehiegi dago gerra irabazi nahi dutenak. ETAk atzerapenik gabe desagertu behar du. Borroka armatua huts egite estrategiko, politiko eta, batez ere, humanoa izan da, eta hori indarkeriaren zurrunbiloan ibili direnek ere argi esan behar dute".
Juanjo Agirrezabala (EA): "Sortuk legezkoa izan behar du. Ekimena hartu behar du lehendakariak, proposamenak zehaztuz, Madrilen ere defenditu ditzala gaur goizean hemen egindako proposamenak. Izan ere, Madrilen, adibidez, fiskalak Sortu ez legeztatzeko eskatu du. Argi dago ETA erruduna dela, baina ez da errudun bakarra, indarkeria mota asko egon baita herri honetan".
Mikel Arana (EB): "Denen lanari esker bakea gertuago dago, eta Jaurlaritzak ezin du trabatu prozesu hau. ETA amaitzean denean ez da bizikidetza arazorik izango, baina arazo politikoak hor jarraituko du. / Fiskalitatearen arloan EBk bere garaian egindako proposamenak ekarri ditu gaur Lopezek, baina PSEk baztertu egin zituen lehen".
Gorka Maneiro (UPD): "ETAk bizirik segitzen du, eta mehatxu eginez. Lopezek ezin du aritu abertzalea balitz bezala; egin dezala abertzaletasunaren diskurtso alternatiboa. / Arlo politikoan egindako hitzaldia antzua izan da".