EAJk kritikatu egin du Udal Legerako proiektua
Gobernu Kontseiluak atzo onartutako Udal Legerako aurreproiektua kritikatu du EAJk. Belen Greaves EBBko idazkariak prentsa ohar batean salatu duenez, sozialistek ez dute oposizioko indar nagusiekin «kontrastatu» proiektua, eta uste du «alderdikeriaz» jokatzen ari direla lege horrekin. Hala ere, jeltzaleak adostasunetara iristeko prest daudela adierazi du. Atzo onartutako lege proiektuak bi zutabe nagusi ditu: alde batetik, udalen eskumenak argitzen ditu eta, bestalde, finantziazio era zehazten du. Lege proiektuan udalen eskumena diren 38 alorren zerrenda agertzen da, hirigintza, etxebizitza, polizia, segurtasuna eta turismoa besteak beste. Gainera, horiek gauzatzeko dirua bermatzen da, % 50 aldundiek erabakitzen dute eta gainerakoa Finantzen Euskal Kontseiluak. Proiektuaren arabera, udalek boto eskubidea izango dute erakunde horretan. Aldaketa horrekin, Lurralde Historikoen Legea ere aldatu beharko litzateke. Legea indarrean sartu aurretik, Eusko Legebiltzarrak onartu behar du. Lopezek arduraz jokatzeko eskatu die alderdi politikoei, EAJri batez ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu