Bi aldeek bilera egin zuten asteartean, eta akordiorik egon ez bazen ere, jeltzaleekin izandako negoziazioan "funtsezko aurrerakadak" izan direla esan zuen atzo goizean Xabier Olano Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun zuzendariak. Markel Olano EAJko Gipuzkoako bozeramailearentzat, ordea, akordioa lortzeko aukera "oso urrun" dago; haren ustetan, adostasunera iristeko Bilduk "errotik" aldatu beharko luke planteamendua arlo ekonomikoari dagokionez. Aurretik Xabier Olanok esandakoa ukatu zuen, beraz, EAJren ordezkariak: bileran ez zen "aurrerakadarik" izan, eta ekonomia sustatzeko politiken gainean dituzten "desadostasunek" hor jarraitzen dute. Jeltzaleek osoko zuzenketa aurkeztu dizkiete Gipuzkoako aurrekontuei.
Xabier Olanok, berriz, nabarmendu zuen bi alderdiek garrantzitsutzat jotzen dutela suspertze ekonomikorako funtsak bideratzea. Haren arabera, Bilduren gobernuak 85 milioi bideratu nahi ditu ekonomia sustatzera, eta EAJk 26 milioi euroko diru saila gehitzeko eskatu du.
"Beraiek esan dute hori dela akordioaren funtsezko puntua, eta gu bat gatoz". Bihar dira biltzekoak bi aldeak berriro; "beranduenez", akordioa "hilaren 10aren aurretik" hel daitekeela uste du Olanok; orduan egingo dute zuzenketak eztabaidatzeko osoko bilkura Batzar Nagusietan.