"Argazkilari eta telebista kameren aurrean" agertuko dira bihar Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJko, PSE-EEko eta PPko bozeramaileak, hondakinen auzia dela-eta Juan Carlos Alduntzin (Bildu) Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa erregistratzeko, EAJren prentsa oharrak dioenez. 11:00etan sartuko dute eskaera ofizialki.
Zentsura mozioa aurkezteko gutxienez hamabost batzarkide behar dira. EAJren, PSE-EEren eta PPren artean 28 dauzkate —hamalau, hamar eta lau, hurrenez hurren—. Bilduk 22 ditu, eta Aralarrek bat.
Uztailaren 6an izango da gaiari buruzko bilkura Batzar Nagusietan, eta orduan kenduko lukete Alduntzin kargutik, EAJko, PSE-EEko eta PPko batzarkideen botoei esker.
Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko presidenteak lehengo astean zioenez, "emandako hitza" urratu egin du Bilduk, ez duelako zaborren plana Gipuzkoako Batzar Nagusietara eraman. "Inflexio puntua" izango da Bilduren aurka, Egibarren hitzetan. "Inposizioaren eta iruzurraren aurkako zentsura mozioa da".
Alduntzinek adierazi izan du aldundiaren hondakinen plana ez dela berria, baizik eta aurreko gobernuak egindakoa "egokitu" egin dutela.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak ostiralean esan zuen zentsura mozioa ez dela izango Ingurumen diputatuaren aurkakoa soilik, "foru gobernu honen aurkakoa baita".
PSE-EEk Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan dituen bi ordezkariek —Denis Itsasok eta Arcadio Benitezek— iragarri dute dimisioa emango dutela bihar. Esan dute "arriskutsua" dela partzuergoa hartzen ari den norabidea.