Espainiako Gobernuak edozein jarduera edo komunikazio elektroniko bere gain hartu edo ixteko lege dekretua onartu zuen joan den abenduan, eta, gaur, Eusko Legebiltzarrak, EAJren, Elkarrekin Podemosen eta PSEren botoekin, neurri horren aurka helegitea jartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari. Hiru taldeok Jaurlaritzari galdegin diote errekurtsoa aurkez dezala Espainiako Auzitegi Konstituzionalean Pedro Sanchezen dekretu digitalaren aurka, eta, era berean, ireki dezala araua erreformatzeko negoziazio bide bat.
155 digitala izenez ezaguna da Espainiako Gobernuak sarea kontrolatzeko onartutako dekretua. EH Bilduk haren aurkako legez besteko proposamena aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, eta gaur eztabaidatu dute ekinbidea Diputazio Iraunkorrean. Auzitegi Konstituzionalera jotzeko epea otsailaren 5ean amaituko denez, proposamena premiaz eztabaidatzeko eskatua zuen koalizioak. Izan ere, EH Bildurentzat «premiazkoa» da dekretua bertan behera uztea, webguneak eta komunikazio digitalak inongo agindu judizialik gabe ixteko aukera ematen diolako gobernuari, eta horrek «askatasun eta eskubide demokratikoak» kolokan jar dezakeelako. Hala, legebiltzarrari dekretu horren aurka agertzeko galdegin zion koalizioak legez besteko proposamenean, eta Jaurlaritzari, berriz, euskal herritarren oinarrizko eskubideak defendatzeko «bide eta prozedura guztiak» martxan jartzeko.
EH Bilduren ekinbideari zuzenketa aurkeztu zioten EAJk eta PSEk elkarrekin, eta beste osoko zuzenketa bat Elkarrekin Podemosek. Azkenean, hiru taldeok ebazpen bat hitzartu dute, eta hori izan da gaur onartu dutena PPren aurkako botoarekin eta EH Bilduren abstentzioarekin. Dekretu digitala Auzitegi Konstituzionalera eramanda, alde biko batzordea martxan jarri eta bi gobernuek arauaren erreforma negoziatu dezatela nahi dute EAJk, PSEk eta Elkarrekin Podemosek. Izan ere, auzitegi horretan helegite bat aurkezten denean eta hura tramitatzen hasi aurretik, legeak aukera ematen du arauaren inguruan bi aldeek dituzten desadostasunak batzordean konpontzeko. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskatu diote Kongresuko talde parlamentarioekin negoziatu dezala dekretuaren erreforma, hala jasota baitago PSOEren eta Unidas Podemosen arteko inbestidura akordioan. Dekretu digitalaren erreformarekin haren tramitazioan sortutako «desadostasunak» gaindituko liratekeela uste dute hiru taldeek.
Legebiltzarrak onartutako ebazpenak jasotzen duenez, dekretuan egingo diren aldaketek informazio eta adierazpen askatasun eskubideak bermatu behar dituzte, bai eta jarduera oro «justiziaren kontrolpean» egotea ere. Halaber, hiru taldeek gobernuari eskatu diote sareak eta komunikazio elektronikoak bere gain ez hartzea, horrek eskubideak eta askatasunak «murrizten» baldin baditu.
PSE: «Ez gaude aurka»
Gaurko eztabaidan, PSEko legebiltzarkide Alexia Castelok argitu du bere taldeak ez duela dekretuaren aurka egiten: «Bi gobernuen arteko elkarrizketa bide bat irekitzea nahi dugu, neurri batzuen erabilera arbitrarioak sor ditzakeen mesfidantzak argitu eta aldatu daitezen». Azpimarratu du, halaber, PSEk bat egiten duela dekretuaren helburuarekin, baina ezinbestekoa dela herritarren datuen babesa «berme guztiekin» egitea.
Gorka Alvarez EAJko legebiltzarkideak gogora ekarri du PSOEk eta EAJk Pedro Sanchezen inbestidurarako sinatu zuten akordioak jasotzen duela dekretu digitala aldatzeko konpromisoa. Alvarezen iritziz, dekretua egun idatzita dagoen moduan estatuari bermatzen dio «kontrolpean» izatea tokiko administrazioak eta erkidegoak.
Bestalde, Josu Estarronak (EH Bildu) salatu du legebiltzarrak onartutako testuak ez duela neurririk proposatzen oinarrizko eskubideak babesteko. «PSOEren dekretu digitala iritzi askatasunaren eta parte hartze politikoaren aurka doa, eta Estatuaren birzentralizazioaren eta atzerakadaren erakusle da».
Elkarrekin Podemosetik Yahcov Ruizek, berriz, esan du espero duela Espainiako Gobernuak dekretuaren erreformari heltzea «elkarrizketaren» bidetik.
Testuaren aurka bozkatu duen talde bakarra izan da PP, eta haren bozeramaile Carmelo Barriok dekretu digitalaren defentsa egin du, konstituzioa errespetatzen duelako eta erkidegoetako eskumenetan esku hartzen ez duelako, haren ustez. «Hiritar gisa askoz ere seguruago sentitzen naiz orain», adierazi du.