hondakinak

EAJk, PSEk eta PPk Gipuzkoako hondakinen plana Batzar Nagusietara eramateko eskatu dute

Oposizioko alderdiek, oraingoz, ez dute Alduntzin Ingurumen diputatuaren kontrako zentsura moziorik aurkeztuko, baina mozio bateratuak prestatu dituzte.

2012ko ekainaren 13a
17:05
Entzun

EAJk, PSE-EEk eta PPk, oraingoz, ez dute hondakinen auzian Juan Carlos Alduntzin (Bildu) Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura moziorik aurkeztuko, baina hura estutzeko hiru mozio bateratu aurkeztuko dituzte bihar.

Batetik, aldundiari eskatuko diote lehengo astean aurkeztu zuen plana Batzar Nagusietan erregistratzeko, foru izaera emanda, hartara taldeek eztabaida eta bozka dezaten. Bilduk ez du gehiengo osorik Batzar Nagusietan, ezta Aralarreko batzarkidearen babesarekin ere.

Bestetik, Gipuzkoako aurreko plana betetzea galdegingo diote, eta egungo aldundiak aurkeztutako planaren aurka azalduko dira.

Diputazoak aurreko astean zioenez, Gipuzkoak hiri hondakinen %75 gaika biltzea du helburu 2020rako. Sei konpost planta, biometanizazioko bat eta trataera mekaniko-biologikoko hiru egin nahi ditu aldundiak, errauste plantaren ordez.

Hondakinei buruzko bilkura monografikoa egin dute gaur Batzar Nagusietan. Alduntzin diputatuak esan du plan berriak aurrekoaren oinarriak kontuan hartzen dituela eta horren arabera "berritu” dutela.

Rebeka Ubera Aralarreko batzarkidea alde azaldu da, "aldundiaren plana bideragarria eta arrazionala delako eta errealismoz betea dagoelako”.

Xabier Ezeizabarrena EAJko batzarkideak gaia Batzar Nagusietara eramateko eskatu dio Alduntzin diputatuari. ”Ez duzu legea betetzen, eta ez duzu errespetatzen Batzar Nagusien gehiengoa”. EAJren arabera, "plana ez da integrala. Porrota da teknikoki. Bilduren helburu bakarra errauste planta ez egitea da, ez beste ezer”.

Mikel Duran PSE-EEko batzarkideak aitortu du diputazioaren planak "hiru gauza on" dituela: "Birziklatze maila igotzea aurreikusten du, edukiontziak sailkatzen beste planta bat aurreikusten du eta zaborren sorreraren aurreikuspen berria egiten du”. Baina ez du planaren alde egin. ”Proposatzen dena ez da sinesgarria, ezta bideragarria ere. Nahi duzuen bakarra zabortegien eredua betikotzea da”.

Txema Murgiondo PPko batzarkideak egitasmoa txarretsi du. "Hau ez da berritze bat, erabateko aldaketa bat baizik. Proposatzen duzuen plana zikinkeria hutsa da. Zabortegien eredu batera garamatzazue, justu Europak sustatzen duenaren kontrakora”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.