Eusko Jaurlaritzako hauteskundeetarako aurrekontua %15 jaitsiz, Hauteskunde Legea aldatu zuten iaz, eta, beraz, alderdiek ezingo dute 1.297.684 euro baino gehiago gastatu —2012an 1.500.000 euro gasta zitzaketen—. Alderdiek Efe berri agentziari eman dizkioten datuen arabera, hortxe-hortxe ibiliko dira EAJ, PSE-EE eta PP.
Hiru alderdi horiek dira gehien gastatzeko asmoa dutenak. Alderdi jeltzaleak 1,2 milioi euroko aurrekontua du, eta hura da langara gehien arrimatzen den alderdia. 250 ekitaldi egingo dituzte jeltzaleek, eta nagusiena irailaren 10ean egingo dute, Bilbon: U fest egun osoko ekitaldia, "politikarekin, musikarekin eta gastronomiarekin osatuta".
PSE-EEk ere antzeko aurrekontua izango du: 950.000 euro gastatuko ditu ekitaldi eta publizitatean, eta horri gehitu behar zaio mailing-ean gastatuko duena. Efe berri agentziari ez dio zehaztu mailing-a egiten zenbat diru erabiliko duen. Jakinarazi dutenez, Pedro Sanchez bi edo hiru aldiz izango da Euskal Herrian.
1.150.000 euroko aurrekontutik 350.000 euro gastatuko ditu mailing-ean PPk. Kanpo publizitatean 200.000 euro erabiliko ditu, eta 250.000 euro komunikabideetan. Gilda truck izango da PPren kanpainako berrikuntza: Alfonso Alonso lehendakarigaia kamioi batean ibiliko da, gildak banatzen.
Elkarrekin Podemosek 200.000 euroko aurrekontua du. Karteletan, publizitatean eta ekitaldietan gastatuko du diru hori. Azaldu dutenez, kalean egingo dituzte ekitaldi guztiak, eta Espainiako ordezkarien parte hartzea espero dute.
300.000 euro gastatuko ditu, bestalde, Ciudadanosek. Albert Riverak parte hartuko du hainbat ekitalditan.