Felipe VI.arekin bildu ostean egin dituen adierazpenetan, Estebanek esan du Mariano Rajoy PPko presidentegaiaren aurka bozkatuko duela EAJk, "zurrumurruak zurrumurru". PPk lau senatari utziko dizkio EAJri, senatuan talde propioa izan dezan. Estebanek berretsi du alderdien arteko akordioak ez duela "ordainik" izango Kongresuan, eta "ezezko botoa" emango diola Rajoyri, haren balizko inbestidura saioan. Horrez gain, "Euskadirekiko jarrera" aldatzeko eskatu dio PPri.
Gobernua osatzeko negoziazioetan dira alderdi politikoak, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatu ostean; ez dirudi gobernagarritasunean aurrerapausorik egingo denik. Akordioak egitetik urrun daude.
Podemosen eta PSOEren jarrera kritikatu du Estebanek; "ardura" bere gain har dezala eskatu dio PSOEri, eta egoera ez dezala "pozoitu" Podemosi. Ezkerreko alternatiba bat osatuko balute, bi alderdiekin hitz egiteko prest leudekela esan du Estebanek. Hala ere, ez du baztertu hirugarrenez hauteskundeak egiteko aukera.
Felipe VI.ak atzo hasi zuen ostegunera bitarte alderdiekin egingo duen bilera erronda, inbestidurarako hautagairik proposatuko duen edo ez erabakitzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza txikiena duten alderdiekin hasi zuen erronda, eta ostegunean amaituko du, Albert Rivera (Ciudadanos), Pablo Iglesias (Podemos), Pedro Sanchez (PSOE) eta Mariano Rajoyrekin (PP) bildu ostean. EH Bildu ez da erregearekin batzartuko.