EAJk ohar batean gogorarazi duenez, joan den maiatzean, UNITA oposizioko alderdi nagusiko ordezkariekin batzartu zen EAJko lehendakari Andoni Ortuzar. UNITAko buru eta lehendakaritzarako hautagai Isaias Samakuva buru zuen Angolako ordezkaritzak, eta Sabin Etxean elkartu ziren. Angolako egoera politikoaren berri eman zioten Ortuzarri.
MPLA Angola Askatzeko Herri Mugimenduak "40 urte jarraian gobernuan egin ondoren, ustelkeria finkatuta dago sektore publikoan, eta Angola, baliabide naturaletan Afrikako herrialde oparoenetako bat, miseria ekonomiko ikaragarrian hondoratuta dago", EAJren arabera: "Konstituzioaren urratzeak, oposizioko alderdi nagusien kontrako errepresioa eta hauteskunde prozesuko etengabeko azpijokoak ikusita, zalantza sortzen da benetako hauteskunde libre, zuzen eta demokratikoak egingo ote diren".
Bihar dira bozak egitekoak, eta bertara joatekoa zen Jokin Bildarratz senataria, André da Silva Neto Hauteskunde Batzorde Nazionaleko buruak gonbidatuta, behatzaile gisa aritzeko. Angolako Gobernuak jarritako "traba administratibo eta burokratikoak" tarteko, Bildarratzek ezin izango du zeregin horretan aritu: "Nazioarteko komunitate politikoaren presentzia urria ere egoeraren erakusgarri da. beraz, Europako Batasunak lehenbailehen hartu behar du bere gain hauteskunde-emaitza garbi eta gardenen bermatzaile nagusia izateko ardura".