Lau senatari utziko dizkio PPk EAJri, senatuan talde propioa izan dezan; alderdien arabera, "pluraltasunaren mesedetan" egin dute akordioa. EAJk adierazi du akordioak ez duela "ordainik" izango Kongresuan, eta "ezezko botoa" emango diola Mariano Rajoy PPko presidentegaiari, haren balizko inbestidura saioan. EFE albiste agentziak EAJren iturriak aipatuta esan duenez, aurrez PSOEri eskatu zizkioten taldea osatzeko behar zituzten senatariak, eta PSOEk ezezkoa eman zien; orduan jo zuten PPko ordezkariengana.
Felipe VI.ak gaur hasi du ostegunera bitarte alderdiekin egingo duen bilera erronda, inbestidurarako hautagairik proposatuko duen edo ez erabakitzeko. Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaritza txikiena duten alderdiekin hasi du erronda, eta ostegunean amaituko du, Albert Rivera (Ciudadanos), Pablo Iglesias (Podemos), Pedro Sanchez (PSOE) eta Mariano Rajoyrekin (PP) bildu ostean. EAJk bihar du hitzordua, eta EH Bildu ez da erregearekin batzartuko.
Mariano Rajoyk uko egin dio bere burua inbestidurara aurkezteari, presidente izateko babes nahikoa jasoko ez badu. Gobernua osatzeko, PPk esku artean du Ciudadanosen babesa jasotzearen aukera; baina Miguel Gutierrez Ciudadanoseko bozeramaileak gaur gogorarazi du abstenitu egingo direla, eta PSOEk eta PPk ezin dutela "elkarri bizkarra ematen" jarraitu.
Antonio Hernando PSOEko Kongresuko bozeramaileak nabarmendu du "oposizioan" egotea dagokiola PSOEri, eta ezezko botoa emango diola Rajoyren inbestidurari.