Jose Luis Bilbaok iragarri berri du ez dela berriro aurkeztuko Bizkaiko ahaldun nagusi izateko —hamabi urtez izan da karguan—. Bilbao ordezkatzeko, Unai Rementeria proposatu du Bizkai Buru Batzarrak, 2015eko maiatzeko udal eta foru hauteskundeei begira. Rementeriak Facebooken adierazi du atzokoa "egun ahaztezina" izango dela, eta eskerrak eman dizkie Bizkai Buru Batzar osoari eta Itxaso Atutxa presidenteari.
Rementeria (Mundaka, Bizkaia, 1973) Zuzenbidean lizentziaduna eta Ekonomian diplomatua da. Mundakako alkatea izan zen 2007tik 2013ra. Horrez gain, EAJren legebiltzarkide izan zen 2009tik 2011ra, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako batzarkide 2008tik 2013ra.
Bilboko alkatetzarako EAJren hautagaia, berriz, Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburua da, BBBk eta Bilboko Uri Batzarrak proposatuta. Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente izateko, Ana Otadui Elorrioko alkatea proposatu dute.
Azaroaren 27an egingo dituzte ofizial izendapenak; bitartean, hautagai gehiago aurkez ditzakete alderdikideek, Bizkai Buru Batzarrak eta Bilboko Uri Batzarrak proposatutakoez gain.