Andoni Ortuzar EAJko BBB Bizkai Buru Batzarreko presidenteak adierazi du ETAren bukaerari buruz asteartean PP, PSOE, EAJ, CiU, UPN, CC, Foro Asturias eta IU-ICV-EUiA-CHAren artean lortutako akordioarekin Amaiur koalizioa legez kanpo ezin utzi izatea lortu dutela. "Ezker abertzaleari hori ez bazaio nahikoa iruditzen, arazoa hark du", esan du Ortuzarrek gaur, ETBri emandako elkarrizketan.
Bildu eta Amaiur legez kanporatzeko eskatzeko UPDk aurkeztutako mozio baten alternatiba gisa aurkeztu zuten testua Espainiako Kongresuko talde haiek. "PPk UPDren nahiari modu eroso batean ezezkoa emateko sinatu zuen akordioa EAJk, baina baita balizko legez kanporatzeei lerro gorri eta horma bat jartzeko ere. Garrantzitsuena da PPk konpromisoa agertu duela", azaldu du BBBko buruak.
Amaiurrek ez zuen bat egin testuarekin, "baztertzailea" dela eta gatazka politikoa konpontzeko balio ez duela iritzita.
Ezker abertzalearentzat "kezkagarria" da EAJk testuarekin bat egin izana
Ezker abertzalearen ustez, "benetan kezkagarria eta ulergaitza" da EAJk Kongresuko testu harekin bat egin izana. "Izan ere, hilabete baino ez da igaro EAJren azken biltzarra egin zenetik eta harrezkero EBBko buru Iñigo Urkulluren diskurtsoan ideia argietako bat izan da EAJk ez zuela bat egingo inor baztertuko zuten akordio politikoekin. Baina, oraingoan ere, hitzak eta ekintzak ez dira bat etorri EAJren zuzendaritzaren kasuan", esan dute gaur Maribi Ugarteburuk eta Joseba Permachek. "Bazterketaren lerroan kokatu da EAJ".
Halaber, gogoratu dute ezker abertzaleak igande honetan Donostiako ekitaldian "borondate osoa" agertuko duela "bake justu eta iraunkorreko egoera lortzeko". Euren adierazpenak bost ardatz izango dituela gogoratu dute: "1. Bakea, Euskal Herrian eraikitzeke dagoen helburua. 2. Gatazkaren ondorioentzako erantzuna. 3. Aitortza sustatu, elkarrekiko errespetutik abiatuta. 4. Euskal Herriak egia ezagutzeko daukan premia. 5. Elkarrizketa eta akordio demokratikoa, berriro ez errepikatzeko bermeak".