Andoni Ortuzar EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidenteak gaur adierazi du euren ustez Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ez direla 2013ko martxoan izango, baizik eta Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak 2012ko udazkenera aurreratuko dituela. Haren arabera, Jaurlaritza "arnasa barik dago eta beharrezkoa da gobernu sendoa egotea". Ortuzarrek iritzi dio aurtengo maiatzeko eta azaroko bozetan ikusi dela egungo Jaurlaritzak ez duela nahikoa babes Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
BBBko presidenteak esan du datorren urteko urrian edo azaroan liratekeela Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, "Lopezek hartara 2013ko aurrekontuak aurrera ateratzeko modua lukeelako".
2009ko martxoaren 1ean izan ziren EAEko aurreko bozak. EAJk irabazi zituen, baina ez gehiengo osoz, eta PSE-EEren eta PPren botoekin Lopez jarri zen lehendakari. Espainiako Justiziak ezker abertzaleari ez zion aurkezten utzi.
EAJk oraindik ez du lehendakarigairik. Orain EBBko karguak hautatzen ari da, eta ondoren ekingo dio lehendakarigaia aukeratzeari. Lehengo astean alderdiko karguen hautaketa sistema kritikatu zuen Iñaki Anasagasti senatari jeltzaleak, "iluna" da eta "zaharkitua" delakoan, baina Ortuzarrek ez du bat egin haren iritziarekin, EAJko hautaketa sistema "oso gardena eta parte hartzailea" dela esanda. "EAJ hain da irekia, 30.000 afiliatuetako edonor izan daitekeela lehendakarigai. Hanka sartu du Anasagastik", esan du BBBko buruak gaur, Radio Euskadin.