EAJko Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Joseba Egibarrek gaur esan du PPko buruzagien ustezko gainsoldaten auzia "lotsagarria" dela, eta gaineratu du El País egunarkiak argitaratutako hainbat informazio "delitu" ere izan daitezkeela.
Legebiltzarrean egin ditu adierazpenak Egibarrek. Esan du ustelkeriaren eta politikaren arteko "elkarbizitza" ez dela posible, eta gaineratu du politika "herritarren zerbitzura" dagoela. Edonola ere, auzia epaitegiek aztertu behar dutela gaineratu du.
PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek, berriz, uste du PPn "berehala" zehaztu behar dutela norena den gertatutakoaren erantzukizuna, eta kritikatu du auziak "oso agerian" uzten dituela PPren "konpromiso etikoa eta gardentasun promesak". Gainera, Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari kontuak eskatu dizkio: "Azalpenen bat eman beharko du".