politika

EAJk Zapateroren etorkizuna ziurtatu du eta Espainiako Gobernuak Estatutua bideratuko du

PSOEk eta EAJk gaur itxi dute Espainiako aurrekontuen gaineko akordioa. Igaroko dituzten transferentzien artean ez daude espetxeetakoa eta gizarte segurantza. Akordioak egonkortasun politikoa eta ekonomikoa emango duela nabarmendu du PSOEk.

2010eko urriaren 15a
23:10
Entzun
PSOEk eta EAJk itxi dute bi alderdien arteko Espainiako aurrekontuen akordioa eta, PSOEk jakinarazi duenez, Gernikako Estatutua osatzeko geratzen diren 32 eskuduntzetatik 20 igaroko dira akordio horri esker Eusko Jaurlaritzaren eskuetara. Hala, "egonkortasun politikoa eta ekonomikoa" lortu dutela nabarmendu du PSOEk.

Honek CCrekin ere lortu du hitzarmena, eta EAJrekin eta biekin gobernuak (PSOE) legealdia bukatu arteko babesa izango du -2012an izango dira Espainiako Kongresuko bozak-.

Iñigo Urkullu EAJko EBBko buruaren esanetan, akordioa Gernikako Estatutua osatzeko "pauso erabakigarria da". Jaurlaritzara igaroko diren transferentzen artean, ordea, ez da izango espetxeetakoa, ezta Gizarte Segurantzari dagokiona ere. Hala ere, akordioa EAJk asetzen duela esan du, eta euskal gizartearentzat ere ona dela.

Eskumenak eskualdatzeaz gain, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du azpiegiturak bultzatzeko: abiadura handiko trena, Pasaiako kanpo portua eta Bizkaiko Espalazio Bidezko Neutroi Iturria. 112 milioi euro ere emango ditu, zientzia eta teknologia arloetako ikerketetarako.

Gaur arratsaldeko ordubietan bukatu da Espainiako Gobernuaren 2011ko aurrekontuen osoko zuzenketak aurkezteko epea, eta EAJk ez du aurkeztu -Kongresuko sei taldek bai-. Beste alderdiek aurkeztutako osoko zuzenketen eztabaida asteartean hasiko da Espainiako Parlamentuan, eta asteazkenean bozkatuko dituzte.

Joseba Egibar EAJko Gipuzku Buru Batzarreko presidentea gaur goizean "oso gustura" azaldu da "akordioa gertu" zutelako. "Urrezko aukera da hau Zapaterok autogobernuan eta bakegintzan benetan zer asmo dituen jakiteko", esan du hark Radio Euskadin. Egibarren arabera, EAJk Zapaterori "oso-oso garbi" esan dio, "betiere baldintza jakin batzuk betetzen badira", 2011ko udal eta foru hauteskundeetan "adierazpen politiko denek" egon behar dutela, "normalizazio politikoa lortze aldera lehen pauso gisa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.