Politika

EAJk zatiketa eragin duen "garai zaila" bizi izan duela onartu du Imazek

"Pertsonalismoak" baztertzeko eta batzeko deia egin du EAJko presidenteak. Deialdi horrekin bat egin du Joseba Egibar GBBko buruak, baina alderdiaren gidaritza nork hartu erabaki aurretik bide politikoa zehaztu behar dela erantsi du. Proposamen politikoei dagokienez, Espainiarekin hitzarmena egitea lehenetsi du Imazek.

2007ko uztailaren 31
16:58
Entzun
EAJren gidaritza erabakitzeko barne prozesuaren ondorioz aukera desberdinak plazaratu zirela eta zatiketa eragin zutela onartu du Josu Jon Imaz jeltzaleen presidenteak; areago, alderdiak "garai zaila" bizi izan duela eta gizarteak hala antzeman duela. Hori dela eta, batasunerako deia egin du Imazek, pertsonalismoak alde batera utzita. "Pertsonek ez dute eta ez dugu batasunerako oztopo izan behar. Proiektu bereko kide gara. Ez ginateke 112 urteko historiarekin leial izango baldintza gisa ontziaren gidaritza pertsona batek edo besteak hartzea jarriko bagenu", esan du Bilbon, Sabin Etxean, EAJren 112. urteurreneko ospakizunetan.

Imazen arabera, euskal nazioa eraikitzeko tresna egokiena EAJ da, eta, horrenbestez, abertzaleen "betebehar etiko eta politikoa" da alderdi jeltzalearen barne batasuna indartzea. "EAJren barne kohesioa sustatzea abertzaleen betebehar etiko eta politikoa da. Ordezkatzen ditugun balioei orain egin diezaiekegun zerbitzurik onena. 1977ko udaberriko Iruñeko batzar hartan bezala Batasuna da indarra da gure leloa". Datorren udazkenean alderdiko zuzendaritza berritzeko prozesua abiatuko dute berriz jeltzaleek.

Joseba Egibar GBB Gipuzku Buru Batzarreko lehendakaria eta EAJko presidentea aukeratzeko azken lehian Imazen aurkari izan zena bat etorri da batasunerako deiarekin. Hala ere, "patroia" nor den erabaki aurretik bidea erabaki behar dela zehaztu du: "Bidea marraztu behar da, nondik nora joan. Tostan nor egongo den, patroia nor izango den, hori jada eskifaia erabakitzea da. Traineru batean 13 lagun eta patroia daude".

Hain zuzen ere, bide politikoari dagokionez, hitzarmenak eraikitzea lehenetsi du Imazek: batetik, euskal gizartearen barruko barne hitzarmen zabal bat; bestetik, Espainiarekin hitzarmena egitea. "Herri hau denen artean eraiki behar dugu, hitzarmenen bidez, gehiengo zabalekin", esan du. "Gehiengoen joko politikoa eta komunitate bat definitzeko behar den hitzarmen zabala bereizi behar ditugu. Horretarako behar adinako adostasuna lortu behar dugu desberdinen artean".

Euskal gizarteak adostasun zabalez erabakitzen duen hori Espainiak onartzea litzateke hurrengo urratsa Imazen iduriko. "Euskadiko adostsun zabal eta integratzaile horrek exijitzen du Espainiako Legebiltzarrak errespetatu egingo duela".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.