EBB Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria aukeratzeko hauteskunde prozesuak EAJ barruan sortutako etena oraindik badela onartu du Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan. Hain zuzen ere, hurrengo foru hauteskundeetarako Gipuzkoako jeltzaleen Diputaziorako hautagaia bera ez izateko erabakia konponezin horren baitan kokatu du; hau da, barne hauteskundeetan Josu Jon Imaz egungo EBBko lehendakariaren alde egin zuelako erabaki duela Joseba Egibarrek gidatzen duen GBB Gipuzku Buru Batzarrak bera ordezkatzea.
Izan ere, Gipuzkoako Diputaziora zortzi urteko proiektuarekin iritsi zela nabarmendu du Txabarrik, eta Egibarrek hori bazekiela. "Prozesu politikoak, batez ere erakunde baten zuzendaritzarakoak, ez dira lau urterako definitzen. Zortzi urterako egiten dira gutxienez planak, eta geuk ere hala geneuzkan eginak. Joseba Egibar eta Gipuzku Buru Batzarra horren jakitun ziren aspaldidanik; gutxienez zortzi urtera begiratzen zuten", esan du Txabarrik.
Bera ordezkatzeak plangintza horren etena ekar dezakeela ohartarazi du, eta, beraz, "ondorio nabarmenak": "Plangintza horretan oraindik negualdia pasa gabe dagoen moementuan halako erabaki politikoa hartzeak ondorio nabarmenak ditu eta izango ditu".
Egibarrek ukatu egin zuen alderdi barruko tira-birek eragina izan zutela ahaldun nagusitarako hautagai Txabarriren ordez Jon Jauregi Beasaingo alkate ohia aukeratzeko. Aldiz, "eszenatoki politiko berri bat" zabaltzen ari dela esan zuen Egibarrek, eta Jauregi egokiago ikusten dutela egoera berri horretarako.
Iritzi horri buruz galdetu diotenean, igerle lana egitea ez duela gustuko erantzun du Txabarrik, baina etorkizunean JauregikGipuzkoako politikako ardatz nagusien inguruan _Hondarribiko aireportua, errausteko planta eta AHT aipatu ditu- Batasunarekin ados jartzea lortzen badu, bera izango dela hitzarmen horiek txalotzen lehendabizikoa.
Nolanahi ere, hauteskunde prozesuaren ondoren bere ahalegina "jarrera integratzaileak" bultzatzea izan dela adierazi du.
Politika
EAJko barne hauteskunde prozesuak irekitako zauriak orandik ixteke daudela iritzi dio Txabarrik
Gipuzkoako ahaldun nagusiak agertu du zortzi urterako proiektu politikoa zuela Diputazioan, eta GBBko zuzendaritza horren jakitun zela. Bera kargutik kenduta proiektu horretan gerta daitekeen etenak "ondorio nabarmenak" izango dituela azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu